Martxelo DIAZ
IRUÑEA
Entrevista
DABID ANAUT
EH BILDUKO PARLAMENTARIA

«Nafarroako Euskararen Legea aldatzeko aukera bat daukagu»

Nafarroako Parlamentuan euskararen lege berri bat onartzeko aukera zabaldu da. Izan ere, sei hilabeteko epean proposamen bat plazaratu behar duen batzorde berezia antolatu da, egungo egoera aztertu ondoren. Aldaketa motz gelditu den alor estrategiko batean aurrerapausoak ematea ezinbestekotzat jotzen du EH Bilduk.

Euskarari buruzko batzorde berri bat sortu da Nafarroako Parlamentuan. Zeintzuk dira helburuak?

Batzorde hau Osoko Bilkurak ebazpen bat onartu zuelako sortu da. Ebazpen horretan agintzen zen batzorde berezi bat sortu behar zela, sei hilabeteren bueltan euskararen lege berri bat egiteko proposamena aurkezteko. Horrek baditu oinarri batzuk, euskararen legearen proposamen berri horrek hizkuntza eskubideak bermatu behar ditu. Horrez gain, eta ebazpenak hori jasotzen du, Nafarroan zonifikazioa gaindituko lukeen proposamena izan behar da eta ofizialtasuna lurralde osora eramango lukeena. Betiere, eta hori ere esplizituki aipatzen da, errealitate soziolinguistikotik abiatuta eta hori kontuan izanda. Guk horrekin ere ez dugu inolako eragozpenik. Printzipioz, agindua hori da: batzorde hori sortzea eta batzorde horrek epe bat izango du lan egiteko. Horren ondorioz, Parlamentura euskararen lege berri baten proposamena ekarriko da. Horretarako, noski, adostasun batera iritsi beharko gara, baina hori da batzordeak duen agindua.

Lege berri horren proposamena egiteko Nafarroako Parlamentuko indarren korrelazioa kontuan hartu beharko da.

Batzorde horrek Parlamentuaren osaketa bera du. Indar politiko bakoitzak ordezkari bat izendatuko du. Zazpi izango dira, berez. Boto haztatua denez, Parlamentuan dagoen gehiengoa batzorde horretan ere izango da. Beraz, batzorde horrek adostasun hori lortuko balu hori ere Osoko Bllkuran islatuko litzateke. Beste kontu bat da gai honek zer aldekotasun daukan edo zer kontrakotasun. Ikusteko dago noraino irits gaitezkeen. Hortik aurrera, asko esatea da noraino iritsi behar den. Momentu honetan hori ezin dugu esan. Eratzen ari da. Martxoaren 5ean bukatuko da ordezkariak izendatzeko epea eta hortik aurrera Mahaiak lehenengo deialdia egin beharko du. Lehendakari bat izendatu behar da eta plangintza prestatu, nola lan egingo duen, zer aztertuko den, nor etorriko den batzordera erabakitzeko... Proposamenak egin beharko dira eta adostu. Asmoa ez da Parlamentuko batzorde itxi bat izatea, baizik eta irekitzea eta beste ahots batzuk hona ekartzea. Adituak, arituak, euskalgintzan edo honen inguruan zerbait esateko duen edonor. Lanketa horren ondorioz etorri beharrekoak etorriko dira. Hori da oraindik aurreratu ezin daitekeena.

Gehiegi aurreratzea izan daiteke, baina sei hilabeteko epe horretan ebazpena egiten bada agintaldi honetan bertan euskararen lege berria izan genezake.

EH Bilduk hau proposatu zuenean horixe zen bultzatu nahi genuena. Guk bagenuen konpromiso bat, aspaldikoa, Euskararen Legea aldatzeko eta lege berri bat egiteko. Hori, jakina da, ez zen adostu akordio programatikoan eta ez zen agintaldi honetako konpromiso bezala sartzen. Guk hasieratik esan genuen ez geniola erronka horri uko egingo eta horrekin jarraituko genuela. Orain aukera hau sortu da, agintaldiaren azken urtean. Sortu da agertoki bat, non gutxienez gai hau Parlamentura etorriko den eta eztabaidatuko den. Hortik adostasun batera iritsiz gero, lege aldaketa etor liteke. Aukeretako bat da. Hain zuzen, ebazpenak planteatzen duena hori da: euskararen lege berri baten proposamen batera iristea. Horretarako, gutxienez laukotearen adostasuna beharko da. Guretzat argi dago: Aldaketa Nafarroako erakundeetara heltzea eta Euskararen Legea eskema horretan ez egotea ez da erraz ulertzen. Batez ere, ikusita lau alderdiok horren inguruan zer esan dugun behin eta berriz: zonifikazioa gainditu behar dela. Laurok esan genuen hori. Hori lortu gabe agintaldia amaitzea arantza zen guretzako. Aldaketak hutsune bat izango zuen. Horregatik eutsi diogu erronkari, azkeneraino jarraitu dugu eta aukera sortu da. Guk energiak eta ahaleginak utziko ditugu hor. Ez dago gure esku, beste eragile batzuk badaudelako, baina ikusiko dugu zer ematen duen. Momentuz lau indarren konpromiso bat dago, ze UPN, PSN eta PP horren aurka daude argi eta garbi. Beste laurok lanketa hori egiteko konpromisoa dugu eta abiatuko da. Ez duguna euskararen lege berri bat egiteko konpromisoa da. Ofizialtasunaren kontua ere aztertzeko dago. Nik dudan inpresioa da ofizialtasunaz hitz egingo dugula. Horretarako ere konpromisoa hartu du kasu honetan uzkurrago aritzen den I-Ek ere. Behin baino gehiagotan esan dute horretaz hitz egiteko prest daudela ofizialtasuna zer den zehazten bada. Eta hor dago koska. Ofizialtasun hori zein baldintzatan ematen den aztertu beharko da, izen-abizenak jarri behar dizkiogu ofizialtasun horri. Orain hor gaude eta hurrengo hilabeteotan ahalegina egin beharko dugu hau guztia adosteko.