Altitoy-ren hamaikagarrenean ez da ezustekorik izan
Joan den asteburuan jokatutako lehian, Katia Tomatis eta Alba de Silvestrok nesketan eta Jacob Hermann eta Kilian Jornetek mutiletanirabazi zuten. Aurtengo ekitaldia La Grande Course zirkuiturako baliagarria izan da. Eskiatzaileen maila handia izan da oso.
Pirinioetan sona handia duen Altitoy-Ternua mendiko eskiko lehiaketa joan den asteburuan jokatu zen. Iazkoarekin alderatuta, aurtengo ekitaldiak, hamaikagarrenak, maila handia izan du; izan ere, La Grande Course zirkuiturako baliagarria izan da. Horrek, jakina, Europako hainbat espezialista erakarri zituen, eta, horren ondorioz, maila handiagoa izan zen.
Gogoratu behar dugu hitzordu hau bi egunez jokatzen dela, eta eskiatzaileek binaka parte-hartzen dutela. Horretaz gain, Luz Saint-Sauveur-eko Altitoy eta Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteko antolatzaileek bi ibilbide prestatu zituzten. A ibilbidea benetan lehiatu behar zutenentzat, eta B ibilbidea eskiatzaile herrikoientzat.
Larunbateko lehiari dagokionez, aurreratu behar dugu, zorionez, eguraldi iragarpenak ez zirela hein handi batean bete, eta eskiatzaileak eguraldi nahiko onarekin lehiatu zirela.
Arestian aipatu dugun goi mailako espezialisten agerraldiak probari maila ederra erantsi zion. Lehian buru belarri jardun zutenek irteera goizeko 7etan izan zuten; hain zuzen ere, Bareges eski-estaziotik. Aurretik 22 kilometroko eta 2.200 metroko ibilbideari egin behar izan zieten aurre.
Nesketan, Katia Tomatis eta Alba de Silvestro italiarrak nagusitasuna erakutsi eta helmuga puntuan lehenak izan ziren. Haien atzetik honako bi talde hauek sailkatu ziren: Jennifer Fietcher-Axelle Mollaret eta Marta Garcia-Mireia Miro.
Mutiletan, bestalde, Kilian Jornetek Jacob Hermann austriarra taldekide izan zuen. Jakina, begirada guztiak bikote horretan jarri ziren, eta, faborito nagusiak zirenez, ez zuten hutsik egin.
Bi ordu eta 27 minutuko denborarekin lehenak izan ziren. Bigarren postuan William Bon Mardion eta Xavier Gachet geratu ziren, eta hirugarrenean Michelle Boscacci eta Nadir Maguet.
Aldaketarik ez
Lehen etapan ikusitakoaren arabera, bigarrenean aldaketa gutxi espero ziren. Eta, hein handi batean, hala gertatu zen.
Eskiatzaile guztiak pronto ziren goizeko 7etarako. Baregeseko eski-estaziotik Luz Ardidenekora pasa ziren. Berriro ere eguraldiak aurpegi ona erakutsi zuen. Elur zein euri pixka bat izan bazuten ere, oro har, ateri eutsi zuen. Ibilbideari dagokionez, antzeko neurriak eman ziren; adibidez, 2.205 metroko desnibela izan zuen.
Emakumezkoen mailan, ezer gutxi dugu aipatzeko; izan ere, larunbateko podium bera eman zen. Beraz, azkarrenak Tomatis eta de Sillvestro italiarrak izan ziren.
Mutiletan, berriz, Hermann eta Jornetek berriro ere erakutsi zuten talde sasoikoena izan zela. Nahiz eta arau hauste batengatik minutu bateko zigorra jarri zitzaien, eskiatzaile horiek lehen postuarekin egin ziren.
Jokatutako bi etapen denborak batu ondoren, nesketan, Tomatis eta de Silvestrok Altitoy Ternuaren hamaikagarren ekitaldia irabazi dute. Bigarrenak, Mollaret eta Fietcher izan dira; eta hirugarrenak, Garcia eta Miro. Nahia Quincoces Marta Riba katalanarekin lehiatu zen, eta laugarren postua sinatu zuen.
Gizonezkoen mailan, Herman-Jornet lehenak; Bon Mardion-Gachet bigarrenak; eta Boscacci-Maguet hirurrenak. Azken hauek bigarren etapan bigarren postuak sailkatu ziren.
Euskal eskiatzaileei dagokienez, hamargarren postua Pantxo Saint-Martin eta Antoine Rodriguezentzat izan zen. Atzetik nahiko gertu, hamahirugarren postuan, Iñigo Martinez de Albornoz eta Pablo Oderiz sailkatu ziren. Junior eta kadeteak ere lehiatu ziren, eta euskal ordezkarien artean aipatzekoa da Aitor Ajuria eta Ander Gabiñak juniorretan hirugarren postua sinatu zutela.