GARA Euskal Herriko egunkaria
GUTUNAK

Zergatik onartu behar dugu bigarren mailako bus zerbitzuak izatea?


Kezkatuta gaude. Gure susmo guztiak egia bilakatzeko puntu-puntuan daude, eta horregatik ezin dugu gure egonezina ezkutatu. Bada aste batzuk, azaroaren 8an zehazki, Gipuzkoako Mugikortasun diputatu Marisol Garmendiak udalekin harremanetan jartzeko konpromisoa hartu zuela Batzar Nagusietan, elkarlanean jarduteko hitza eman zuela; gure aurrean, alkate eta zinegotziak bertan ginela. Eta gaur arte, berririk ez; ez deirik ez idatzirik. Ez dugu autobus zerbitzuaren emakidarako aurreproiektuak izango duen eraginari buruzko informaziorik.

Eta horrek zera pentsatzera garamatza: azaroaren 8ko hartan hizlarien tribunatik esandakoak, egiazko elkarlanerako deia baino, itxurakeria besterik ez zirela izan. Izan ere, nahiz eta EAJ-PNVk eta PSE-EEk herriek eta herritarrek egindako alegazioak kontuan hartzeko konpromisoa hartu, egunek aurrera egin ahala, ez dakigu hitzemate horiek zertan geratu diren.

Gai honetan hasieratik izan dugun desinformazioa erabatekoa izan da. Autobus lineaz linea azterketak egiten jardun behar izan ginen lehenik Gipuzkoako Foru Aldundiaren intentzioak zeintzuk ziren jakiteko; burugabekeriaz oharturik, sinadura eta alegazio bilketan ahalegindu ginen ondoren, eta hamar egunen bueltan milaka sinadura bildurik, Batzar Nagusietaraino gerturatu ginen gure herrietako biztanleen eskubideen defentsan.

Herritarren interesak defendatzeko hautatu gintuzten herritarrek azken hauteskundeetan, eta haiei zor dizkiegu azalpenak, egiten dugunaren emaitza. Alabaina, Diputazioak herritarren nahiei entzungor egin eta arbuiatzen dituenean, ahotsa altxatzea dagokigu.

EAJ-PNV eta PSE-EE Batzar Nagusietan duten gehiengoa beraien neurrira erabiltzen ari dira. Gure eskualdeko herritarrek esaten dutenari muzin eginez, eta hainbat herritako udalek plenoan erabakitakoa ahaztuz.

Ez dugu alegazio batzuk onartzea besterik nahi; gurekin eseri eta elkarlanean jardutea da eskatu geniena, eta hori da, ahoz bada ere, Batzar Nagusietako plenoan onartu zutena. Hemendik elkarrizketarako deia luzatu nahi dugu berriz ere. Lehenbailehen gure herrietako ordezkaritzekin batera elkarlanerako esparru bat antolatu dezatela. Herritar guztien artean ordaindu eta erabiltzen ditugun zerbitzu publikoetan, zer esan eta zer erabaki badugula uste baitugu.