Ariane KAMIO
DONOSTIA

Ez da itzalik argitan

Euskal dantza eta musikaren berreskurapenean giltzarri izan da Marian Arregi bizi-lagun izan duen Juan Antonio Urbeltzekin batera. Batez ere 60ko hamarkadan herriz-herriko lan eskerga egin izan zuen bikoteak Euskal Herrian desagertzear ziren dantza eta kantu herrikoiak galbidetik salbatzeko. Bere ibilbidean Argia dantza taldeko musikaren zuzendaritzaz arduratu izan da eta Benito Lertxundirekin kolaborazioak egin ditu. Arregi atzo hil zen 74 urterekin.

Sarean bilaketa sakon bat egitea alferrikakoa da Marian Arregiren (Donostia, 1944) adierazpen bakar bat irakurri ahal izateko. Diskrezioaren funtsa eraman izan du beti alde, nahiz bost hamarkadatan Juan Antonio Urbeltzekin egindako lan eskergak zenbaezinezko balioa duen. Arregi atzo hil zen 74 urterekin. Bakoitzaren bizitza ulergaitza litzateke banatutako eremu batean. Hil ondorenean ere bateratasuna mantentzeko bokazioz, biak batu izan dituen bizitzaren pasarte batzuk elkartu dira hurrengo lerroetan.

Arregik hamazazpi urte zituenean hasi zuen Urbeltzekin gaurdaino luzatu den bizi harremana, eremu pertsonalaz harago Euskal Herriko dantza eta musika tradizionalen berreskurapenerako osatutako tandema. 1961ean ezagutu zuten elkar Goizaldi dantza taldean. Haiek jakin gabe, dantzari, musikari, ikerketari eta sorkuntzari lotu zioten bizitza.

36ko Gerrak etenaldia ekarri zuen euskal kulturan, II. Errepublikan bizitako loraldiaren ondorenean. Berpizkundea abiatu zen ordea diziplina desberdinetan 50eko hamarkadatik aurrera, eta areagotu egin zen susperraldia 60ko hamarkadan sartuta. 1966tik 1978ra herriz-herriko lana egin zuten Arregik eta Urbeltzek, nonahiko dantzak ikusi eta ikasteko eta galdutako edo galtzearren zen ondarea etenaldi hartatik libratzeko. Trenez eta autobusez egindako bidaia amaigabeak lehenengo, autoz egindako kilometro pilaketa ondoren. Ezagutzea eta ikertzea zen lehentasuna.

“Axuri Beltza” izan zen haien lanean mugarrietako bat. 1967an Otsagabiako dantzak jasotzen ari zirela, Jaurrietan egiten zen dantza abestu batek atentzioa eman zion bikoteari. Erronkariko eta Zaraitzuko bailarei buruz Auñamendik editatutako eskuliburu batzuetan aurkitu zuten dantza horren erreferentzia. Bernardo eta Jose Estornes Lasa editoreek eman zizkieten dantza kantatu harekiko erreferentzia batzuk: Azkueren bildumatik hartua zela kantua, “Axuri Beltza” gisa izendatua.

Bazuten abestiaren doinua, bazuten letra ere, baina dantzarako pausoen arrastorik ez. Jaurrietako adineko emakume batengana jo zuten laguntza eske. «‘Axuri Beltza’ren letra eskuan hartuta, Marian eta biok Jaurrietara joan ginen eta ohean zegoen emakume batekin izan ginen. Esan zigun gaztetan dantza batzuk dantzatzen zituztela, baina ez zituela ondo gogoratzen». 1969ko maiatzean Victoria Eugenian estreinatu zen “Axuri Beltza” eraberritua, Argia dantza taldearekin, Arregik berak musikan egindako moldaketekin. Akordeoia eta xirula erabili ziren lehenengoz kantu haren melodiarako.

Argia eta Lertxundi

1966tik aurrera hartu zuen Argia dantza taldeko zuzendaritza Juan Antonio Urbeltzek, eta hura izan da haien habi kreatiboa gaur egunera arte. Gaur egun arte egin diren ikuskizunen zuzendaritza musikala hartuko zuen Marian Arregik, dantzekin batera eskainiko ziren kantuen hautaketa eta arregloak gauzatuz, akordeoiaren hauspoa beti lagun.

1987tik aurrera hainbat ikuskizun egin dituzte, tartean, “Irradaka”, “Zortziko”, “Muriska”, “Alakiketan”, “Kondharian”, “Pas de Basque”, “Axeri Boda”, “Axuri Beltza”, “Besta Berri”, edo iragan abenduan Arriaga Antzokian estreinatu zuten “Martin Zalakain”.

Azaroaren 5ean, azken ikuskizuneko entsegu orokorrean, Urbeltzek hala hitz egin zuen Arregiren inguruan. «Urteak egin ditugu nire emazteak eta biok handik hona dantzen eta kantuen inguruko ikerketak egiten. Eta gure seme-alabak beti etorri izan dira gurekin. Beraiek hau bizi izan dute txikitatik!». Alboan zituen Mikel eta Maider –haien seme-alabetako bi–, egun Argiako biolin eta harpa jotzaileak.

Haurrak txikiak zirela egin zituen Arregik Benito Lertxundirekin kolaborazio musikalak. Goizaldera arte luzatzen ziren kontzertuetan bere akordeoiaz laguntzen zuen Arregik musikari oriotarra. Bederatzi urtez aritu ziren elkarrekin lanean. Urbeltzek, etxean, haurrak lokartuta, idazteko tartea hartzen zuen. Poema sorta bat osatu zuen eta Lertxundik musikatzeko eskatu zizkion. Tartean zen “Baldorba”.

Ugariak izan dira beraien ibilbidea goratu eta errekonozitu duten sariak. Berrienen artean 2015ean bikoteak jaso zuen Gipuzkoako Urrezko Domina, edo abenduan Iruñean eskuratutako “Txondorra” saria.

Goizaldiko egun haietan hasitako bizi-bidaiak etena izan zuen atzo, bost hamarkadatan utzitako ondareak jarraipena ziurtatuta baldin badauka ere. Eusko lurrak gozo har dezala.