GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

«Hore shakul»


Hebreeraz soilik existitzen dira leku guztietan ohikoak diren pertsona batzuei deitzeko hitzak. Zergatik soilik juduen hizkuntzan? Aurkitu dudan erantzun bakarra Jose Luis Borges idazlearena da eta zerbait esate hutsak gertatzea eragin lezakeela pentsatzearekin lotuta dago. «Gainerako hizkuntzetan, hutsune lexikoak jainkoak nahastu nahi ditu».

Euskaraz «guraso-zurtz» edo «gurasurtz» esango genuke, agian. Umezurtz, baina alderantziz. Hori esan gura du hore shakulek: kontsolamendurik gabeko gurasoa, umearen falta duena.

Galera hori zer eratakoa den jakin nahian, heriotzaz soilik ari garen argitzeko, ustezko iturrira jo dut; Bibliako Jeremiasen liburua. Bertan guraso-zurtz izateko era ezberdinak zerrendatzen dira: seme-alabak goseak hiltzea, seme-alabak ezpataren boterearen ondorioz sakabanatzea, umerik ez izatea, seme-alaben bikotekideak hiltzea, umeak bortxaz zauritzea... Heriotza baino harago, seme-alabak ezin babestearen sentsazioa dago guraso-zurtzaren definizio juduan. Umearen hutsunea norbere falta bihurtzen du, errealitate objektiboarentzako leku handirik gabe (krisi ekonomikoak, gaixotasunak, istripuak, gerrak, seme-alaben erabaki askeen ondorioak etabar).

Herenegun andre pentsionista alargun bat entzun nuen irratian. Intersekzionalki, jendarteko kiderik ahulenetarikoa. Gazteei egiten zien dei, euren falta sumatzen zuen pentsioen aldeko manifestazioetan. Gure aurrekoen oraina gure etorkizuna dela ulertarazi nahi zigun entzuleoi.

Munduan denbora gehien daramatenek argi dute eraldaketa sozialean afera sekula ez dela norekin, baizik eta zertara. Belaunaldi bi hezi ondoren erresidentzian amaitu lezaketenek, andrazkoak gehienak, pentsioen Koliseoko hareatik agurtzen gaituzte, ukabilak altxaturik. Inguruan nahi gintuzkete, baina guk irribarre dibertituz begiratzen diegu harmailetatik. Hurbiletik zehaztasun gutxiko esaldiak gara.

Gizarte eredu hau, heriotzaren beharrik gabe, guraso-zurtzen mintegia da.