GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Gaur


Goiza baino eguerdia izango da Basozelaiko aldapa jaisten hasten garenerako, ziur. Badakizue etxetik ateratzea zenbat kostatzen zaigun. Baina bagoaz, zuek aurretik eta ni atzetik, korrika ez joateko aginduz, eskatuz, erregutuz. Egunkaria erostera goaz. Ados, gozokiren bat ere bai, oso abilak zarete negoziatzen.

Egun berezia da. Hasieran eskolara joango ez zaretela jakitean harritu zarete, baina greba dagoela azaldu dizuet eta azkar ulertu duzue. Dagoeneko badakizue zer den greba bat eta zertarako egiten den. Baina zuei ez zaizue ezer eskapatzen, eta nonbait, irratian, telebistan, parkean... «feminista» hitza entzungo duzue gaur, eta seguru nago hori zer den galdetuko didazuela. Nik azalduko dizuet zuentzat hain kitzikagarria den mundu honetan emakumeek ez dituztela gizonezkook ditugun eskubide berak, eta bidegabekeria hori iraultzea duela helburu feminismoak. Eta ez, ez dela nesken borroka bat. Aita ere feminista dela. Hala dela, amamak eta aititek horrela hezi zutelako, eta zuretik ezpala atera ohi delako. Eta gainera, ikastolan, kuadrillan, lanean, ondo errotutako balio horiek loratzen lagundu dion jende ederra ezagutu duelako.

Zalantzarik ez dut ulertuko duzuela, bizkorrak zaretelako. Horrek ez nau arduratzen. Beste gauza batek jartzen nau artega orain. Badakit gaurko txangoren batean kartel batzuk ikusiko ditugula, non gazte baten argazkia eta krabelin gorri bat azalduko diren. Eta bera nor den galdetuko didazue. Eta urduri nago; nire begietara txikiegiak zaretelako egia gordina ezagutzeko, baina azkarregiak zarete gezurrak irensteko eta onartzeko. Une hori noiz helduko den beldur naiz, nire zaponarruak.