GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Pertsonala politikoa da baina... (II)


Erabat hunkituta nago atzo ikusi eta bizitakoarekin. A ze indarra eta kemena Euskal Herriko kaleetan justiziaren alde. Justizia eta aukera berdintasun kontua baita hau finean. Ze demontrerengatik izan behar dituzte pertsona batzuek euren ezaugarri jakin batzuengatik beste batzuek baino eskubide gutxiago edo aukera gutxiago?

Funtsean horren oinarrizkoa den ideia sinple horrek mugiarazten dituela esango nuke atzo kalera atera ziren herritar askoren kontzientziak. Mugimendu feministak atzo demostratu zuen, berriz ere, mobilizaziorako duen gaitasuna. Egun Euskal Herrian dagoen mugimendu indartsuenetakoa da zalantzarik gabe eta horrek euskal eskalan egunero borrokatzen dugun gizarte parekide eta justu hori eraikitzeko duen potentziala biderkatzen du. Jendearen beharrekin eta egunerokoan gorputzetan bizi diren errealitate gordin baina sarri ikusezinekin konektatzen duten justiziazko aldarrikapenen bidez, gizarte parekidearen utopia hatzekin ukitzen da.

Gogoeta bat ere egin nahi nuke, ordea, biharamun honetan. Aitortu behar dut atzoko egunkarien azalak ikusita harrituta geratu nintzela. Inork ez du argazkitik kanpo geratu nahi izan. Iritzi publikoan Euskal Herriko oinarri kulturala feminismoak eta ezkerrak aldarrikatzen dutenaren aldekoa da. Baina beste kontu bat da errealitate materialak, eguneroko harremanetan geratzen direnak aldatzea. Asko entzuten da egunotan norbere buruaren kontzientzia hartu behar duela bakoitzak eta bere ohiturak aldatzen saiatu. Eta egia da. Baina nago eskuina oso eroso sentitzen dela aldaketa pertsonalaren esparru horretan, zapalketa egiturazkoa dela ahaztuta zapalkuntza horretan bere erantzukizun partea ere ahazten delako. Ez baita bistatik galdu behar, lehenago aipatutako alde hori sistemak eragiten duela, egiturazkoa dela. Eta beraz, hemen lan harremanak eta sistema produktiboa aldatzen ez diren bitartean, oso zaila izango dela kontziliazioan, zaintza lanen banaketan eta soldata arrakalaren desagerpenean aurrera urrats sendoak ematea. Egiazko konpromisoak exijitzeko garaia da.