12 MAR. 2018 ZIRIKAZAN Zain gauzkate Josebe EGIA Sumatzen hasiak dira, nik uste, ostegun honetakoaren modukoak ez direla itzaliko, betiko gelditzeko eta irabazi arte hazteko daudela hemen, eta han ere bai… eta hurrengo belaunaldiek ere ez dutela bakerik emango». Neure hitzak dira joan den asteko zutabean, eta «historikoa ere» izango zela esanez eman nion amaiera. Bada, horixe izan zen: historikoa, eta benetan ikusgarria, zirraragarria, eta, ziurtasun osoz, izango da eragingarria. Ezinezkoa zait, gaurkoan, sakonenean sentitzen ditudan poztasuna, emozioa eta harrotasuna alde batera utzita idaztea; ezta nahi ere, gainera, ez dudalako gura egunek aurrera egin ahala emakumeongan sentimendu horiek ez lausotuz ez apalduz ez itzaliz joatea. Ezin argiago erakutsi dugu asko eta asko garela, nazkatuta gaudela munduan bigarren mailako herritartzat joak izateaz, oso prest eta prestatuak gaudela elkartzeko eta baztertzen, zapaltzen edota hiltzen gaituen sistemari aurre egiteko; batez ere, argi erakutsi dugu feminismoak uste baino jarraitzaile gehiago dituela, mugimendu feminista lau talde eta horiek sostengatzen dituzten zenbait emakume baino gehiago dela. Gaur, zutabe hau txikia dut esan nahi nituzkeen guztiak esateko aurtengo Martxoaren 8 sonatuaz. Baina ez naiz geratuko nabarmendu barik sonatua geuk egin genuela, era guztietako emakumeok, elkar hartuta, mugimendu feministak aurretik egindako lan eskerga oinarrian. Ez naiz geratuko nabarmendu barik kaleetan arnastu zen ahizpatasun-sentsazioak, hain itzelak, parte hartu genuen emakumeetako bakoitza indartu gaituela, bakarka zein elkarrekin zein boteretsu garen agian sekula baino gehiago jabearazi gaituela, eta era guztietako emakumetasunekiko atxikimendua eta harrotasuna betiko finkatu dituela. Ez naiz geratuko nabarmendu barik negargura gozoa eragin zigula gutako askori zenbat neska gazte-gazte zeuden ikusteak, haien ondoan gindoazela zein irmo oihukatzen zuten eta martxan zein harro zihoazen egiaztatzeak, beraiek baitira berdintasuna erdiesteko funtsezko gakoa, beraiek batik bat borroka feministaren xede nahiz ezinbesteko eragile. Ez naiz geratuko nabarmendu barik martxoaren 9ko «eta orain, zer?» ohikoa, aurten, sekula baino azkarrago eta tinkoago erantzun beharrean daudela agintari politikoak: soilik sumatzen hasiak ziren errealitateak, motel halakoak, eztanda egin die aurpegian, inolako aitzakiarako tarterik utzi gabe. Eta zain gauzkate, gauzak benetan gurekin batera aldatzen hasteko.