GARA Euskal Herriko egunkaria

«Sagartu»,«Oteiza 110» eta «Lekeitioak», dantza asteburuan

Oinkarik eta Hika antzerki konpainiak «Sagartu» ikuskizuna antzokietarako prestatu dute, eta Bilbon izango da estreinaldia larunbatean. Kukaik Oteiza ekarri nahi du gogora bere jaiotzaren 110. urteurrenean eta Mizel Thereten Treversee konpainiak Laboaren «Lekeitioak» prestatu ditu igandean La Fundicion-en eskaintzeko. Loraldiak dantzan jarriko du Bilbo.


Loraldia bigarren astean sartu da, eta hurrengo asteburua dantza ikuskizunez jantzi du. Hiru ikuskizun ezberdin gozatzeko modua izango da larunbat eta igandean. Urtero bezala, aurten ere dantzak bere lekua izango du Bilboko jaialdian. «Urtero saiatzen gara estreinaldiak, gauza berriak edo Bilbotik pasa ez diren espektakuluak eskaintzen, eta hiru ikuskizun izango ditugu gure artean», adierazi zuen Aitor Narbaiza Loraldia jaialdiko antolaketa taldekoak Campos antzokian egindako aurkezpenean.

Datorren larunbatean Hika teatro konpainiak eta Oinkarik prestatu duten “Sagartu” ikuskizunaren antzokiko saioa estreinatuko da Campos antzokian. «Bete-betean loretik dator sagarra, eta gu sustraietatik abiatu gara lan hau egiteko, sagarrak Euskal Herrian duen garrantzia azpimarratzeko», azaldu zuen Agurtzane Intxaurraga Hika antzerki taldeko zuzendariak. «Niri izugarri gustatzen zaizkit sagarrak, eta oso elementu dantzagarria iruditzen zait bere borobiltasunean».

Eta horrela, sagar joko, dantza eta antzerkia uztartuko dituzte Oinkari dantza taldeko hamasei dantzariek, Miren Gojenola aktorearekin batera.

Agurtzane Intxaurragak lan honen inguruan bi geruza aipatzen ditu; lehenengoan, tradiziotik abiatuta sagarrak sortzen direnetik, batu, txikitu, eta edateko prestatzen den arteko bidea dago, eta bestetik sagarrak historian zehar izan dituen hainbat adiera ekarri dituzte gogora. «Paradisutik gaur egun arte, Eva sortu eta sagarraren kontakizunetik gaur egun bekatuak mahai gainean jartzea asko interesatzen zait», sujeritu zuen Intxaurragak, honako galdera hau botatzeko gero: «Zenbat bekatu sartzen dira sagar batean?».

Plaza eta antzokia

Kalerako sortu zuten ikuskizuna izan zen “Sagartu”. Orain, zertxobait moldatu, eszena batzuk gehitu eta antzokirako prestatu dute plazarako zen espektakulua. Alderantzizko bidea hartu dute Kukai taldekoek Oteizarekin. 2005. urtean “Oteiza biraka” estreinatu eta bide berri bat abiatu zuten dantza garaikidearen ildotik. Asteburuan oholtzatik jaitsi eta ordu erdiko ikuskizuna egingo dute jendaurrean, Euskalduna jauregiko hall batean. Tanttaka antzerki konpainiarekin prestatu zuten Oteizaren gaineko ikuskizuna. Oraingoan, hura laburtu eta bost dantzarik plazan egingo dute dantza, eta ikus-entzunezko pieza batzuk proiektatuko dituzte tarteka, Oteizaren ahots eta irudiekin. Aurten 110 urte betetzen dira Orioko artista jaio zela, eta Jon Mayak Kukaiko zuzendariak zerbait egitea «aproposa iruditu» zitzaiela adierazi zuen. Loraldiak begi onez ikusi zuen Oteizari egin beharreko omenaldia, eta Kukai ia urteroko gonbidatua da Bilboko jaialdian. «Ikuskizuna Oteizaren figuran oinarritzen da, bere hitzak entzuten dira, bere esanak entzun eta ikusiko ditugu eta polita da egungo sortzaileok garai bateko sortzaile erreferentziazkoak horrela omentzea», Mayaren aburuz.

Agertokitik plazara jauzi egitean, «publikotik ahalik eta gertuen egon nahi izan dugu», adierazi zuen Kukaiko dantzariak. «Dantza bera oso modu minimalista batean eskainiko dugu, gertutasuna bilatuz eta Oteizaren buklean sartuz publikoa». Ordu erdiko iraupena izango du saioak eta igande eguerdian hiru pase egingo dituzte Euskaldunan.

«Lekeitioak»

Asteburuko azken dantza ikusgarria Mikel Laboaren lanik esperimentalenetan oinarritutako “Lekeitioak” izango da, Mizel Theret dantzari hazpandarrak gauzatuko duena. Aspaldian ari da Mizel Theret lan honen sorkuntzan buru-belarri, ezagutzen duten dantzariak askotan mintzatu izan dira berarekin lan honetaz. Eta azkenean Bilbon berau ikusteko parada izango da, La Fundicion aretoan eskainiko duen emanaldian. Laboaren “Orreaga”, “Itsasoa eta lehorra”, “Cherokee”, “Gernika” eta “Dialektikaren laudorioa” kantuak hartuta prestatu du dantza ikusgarri berezi hau Treversee dantza konpainiaren eskutik.