Benetako poza, barreneko aurkikuntzak
Zein da bizitzaren motorra? «Gai zara onena eta okerrena egiteko», komentatzen zidan harrituta irakasle hoberenetako batek, autoeskolakoak. Egunaren arabera zen. Nire buruagan sinesteak ala ez sinesteak aldatzen zuen dena.
Zein da erdigunea? Joan den ostegunean, Martxoaren 8an, aldaketa baten zantzuak ikusi, bizi eta gozatu genituen. Jarraipena izan dezatela nekez ibili arren lapikoaren tapak bata bertzearen aurka gogor jotzen zituzten amatxiek. Askotariko emakumeon artean sortutako batasunak eta ilusioak. Elkarrekin egin genituen salto eta irriek.
Non dago indarra? Aste honetan egin ditudan bi elkarrizketetan ez diot konexio hori sentitzeari utzi. Lehenbizi Magaleko emaginekin. Etxean erditzen laguntzen duten profesional puska hauek azpimarratzen dutenez, erditzea prozesu fisiologiko bat da eta emakumea da protagonista. Babestua eta lasai sentitzen bada, erditzeko gai izanen da. Sekulako boteretzea da horretaz jabetzea.
Norengan jartzen dugu erdigunea? Hurrengo elkarrizketan, Clara Peya pianista katalanak esperoan gauden printzesak izateari utzi eta ekintzaile izatera animatzen duen “Oceanes” diskoa aurkeztu dit, maitasun erromantikoarekin zein engantxatuta gauden azaltzearekin batera. «Nik oraintxe aldatu ezin dudanez, aldatu ezin dudala esplikatuko dut, eta hori jada aldatzeko modu bat da», adierazi du maiatzean grabatu eta urrian plazaratuko duen “Estómac” disko berriaz.
Zenbat eta fidelago bere buruarekin, hobeki doakio. Zenbat eta egiazkoago, orduan eta indartsuago gara.