Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

«Sed lex»

Larunbatean BECen 10.000 euskaldun bildu ginen Berri Txarrak-en kontzertu gogoangarrian. Ez da marka makala, musika kontsumitzeko ohiturak, besteak beste, zenbat aldatu diren ikusita.

Aurreko astean Elkar Fundazioak euskarazko kulturaren kontsumoari buruzko ikerketa baten emaitzen berri eman zuen. Egoera ahula eta zaurgarria da. Euskaradunen erdiek ere ez dute kontsumitzen euskarazko kultura.

Azken 60 urteetan Euskal Herrian aurrerapauso ikaragarriak eman dira herrigintzaren ikuspuntutik. Frankismoaren gordinenean genuen egoera latzetik asko sortu eta egin du herri honek: ikastolak, helduen euskalduntzerako eskolak, hedabideak, kultur industria txiki bat (hala dei badakioke), eta abar. Euskara ofiziala da parte batean soilik, beste parteetan aurrerapauso esanguratsuak emateko aukera dugu Iparraldeko Euskal Elkargo sortu berriarekin eta Nafarroako aldaketaren balizko errepikapen batekin. Baina mehatxu berriak bizi ditugu globalizazioaren aro honetan eta Espainiar Erreinuaren birzentralizazio joerarekin.

Nola ditugu kulturaren eta euskararen birprodukziorako egiturak herri honetan? Nola dago gure hedabide sistema eta industria kulturala? EITB bezalako tresna garrantzitsuak espainiar agendaren menpeko ikusten ditut gehiago, beste ezertan baino. Hezkuntza eremuan adostasun zabala dago ereduen sistemak eman zezakeena eman duela dagoeneko.

Euskaraldiak arnasa berria ekarri du euskalgintzara. Jendeak ilusioz eta gogotsu hartu du planteamendua. Baina akatsa litzateke konpromisoak arlo indibidual eta pertsonalera soilik mugatzea. Erantzukizun politikoak norbanakoen gain soilik jartzea litzateke eta horixe nahiko lukete batzuek.

Euskalduntze aro berri bat irekitzeko adostasun politiko berriak behar dira. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Autogobernu Ponentzian, hiru lurralde hauek behar duten estatus politikoari buruzko eztabaida ireki da azkenean. Euskararen arloan ere urrats kualitatiboak egiteko testuinguru aproposa izan daiteke eztabaida hori. Legea ere bada eta.