Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Egitasmo-nortasunak eraikitzen

Manuel Castells soziologoarena da erresistentzia- eta egitasmo-izaeren bereizketa. Beste bat ere aipatzen du, zilegitasunarena, ezarritako ordenaren defentsaren arabera egituratzen dena, baina nik izenburuan aipatutakoei buruz idatzi nahi dut gaur. Erresistentzia-nortasunak botere nagusiekiko menpekotasun posizioetan gorpuzten dira, defentsa gisa, erasoei aurre egin edota oinarrizko eskubideen errespetu eske. Egitasmo-nortasunetan, ordea, botere egituraren eraldakuntza bilatzen da, protestatik haratago joanaz. Erresistentzia-nortasunetan kontrakotasunak hartzen du nagusitasuna, egitasmo-identitateetan, berriz, ordena berriaren eraikuntza da gakoa.

Iruditzen zait Castellsen ekarpen hau oso baliagarria izan daitekeela Europako eta bereziki gure herriko ezker eraldatzaileak aurrean dituen erronkei buruz gogoeta egiteko. Gurean ezkerreko subiranismoa da egitasmo eraldatzailea eraiki duena, dagoeneko gehiago ematen ez duen erresistentzia luze eta emankorraren ondotik. Hor gabiltza, aro aldaketan, zaharra ezin guziz atzean utzi eta berria guziz ezin eraikiz; halakoak dira aldaketak mundu errealean, teorizisten manualetan ez bezala.

Aipatu identitateen arteko bereizketa ez da bestearen ezaugarri guzien ukapen gisa hartu behar, edonola ere. Protesta eta erresistentziaren garaiak ez dira bukatu, eta erresistentziaren ibilbide luzean egitasmoaren eraikuntzan urrats handiak egin dira. Zer lehenesten da? Hori da galdera potoloa! Ezker independentista-subiranistak senti dezake erresistentzia dela bere konfort esparrua –ur handiak atzematen baitira egitasmoaren gorpuztearen itsas zabalean– eta, lehengoan egunkari honetan Edu Apodakak idazten zuenez, hortxe nahi gaituzte beste batzuek ere. Kaiak atzean utzi eta ausartzeko tenorea da gurea, berriz, egitasmo argia eta materializatzeko estrategia bideragarriaren bidez soilik formulatu baitaiteke irabazteko aukerak dituen alternatiba!