GARA Euskal Herriko egunkaria
IZOTZ-ESKALADA

Euskal alpinista gazteek gogor estutu dute Kandersteg-en

Fedme-ren Alpinismo Taldearekin, Ander Zabalza eta Mikel Inorizak astebeteko egonaldia egin dute izotz eskaladan zein dry-toolingean sona handi duen Suitzako alderdi horretan. Besteak beste, izen handia duen «Flying Circus» (M10) bidea igo dute.


Denbora daramagu baieztatzen euskal alpinismoaren harrobia, gazteena alegia, nahiko makal dabilela. Horrekin esan nahi dugu maila duten gazteak edo jarduera azpimarragarriak egiten dituztenak gutxi direla. Alabaina, noizean behin, loraldia izaten da, eta hurrengo lerrootan bi protagonista aurkeztuko dizkizuegu. Biek ala biek badute ezaugarri komun bat: askotan soka gerrira lotzeaz gain, Fedme-ren Alpinismo Taldearen ordezkari dira. Ander Zabalza eta Mikel Inorizari buruz ari gatzaizkizue.

Mikel Zabalza dute zuzendari, eta promozio berrian (2018-2020) sartzeko aukera izan dute. Lehen irteera aipagarria hilaren 1etik 7ra egin dute. Astebeteko egonaldia egin dute izotz eskaladan zein dry-tooling-ean sona handia duen Kandersteg-en (Suitza). Berez, Gavarnien zuten hitzordua, baina, murruen baldintza arriskutsuak zirela eta, inguruz aldatzea erabaki zuten. Alpinismo Taldeko sei kidek bidaiatu zuten; tartean, esan bezala, bi euskal ordezkari ziren.

Zailtasunean klasikoak diren hainbat eta hainbat bide eskalatu zituzten. Horietako batzuk, izen handikoak: ”Beta Block Super” (V/7, 250 m), “Flying Circus” (M10, 165 m), ”Rubezahl” (IV/6)… Hori irakurri ondoren, batek baino gehiagok ezusteko handia hartu du gazte hauek eginiko jarduera horiekin. Eta lehena zuzendaria bera izan da: «Pozarren nago gazte hauek egin dituzten eskaladekin zein erakutsi duten mailarekin. Goitik gainditu dute Kandersteg-eko irteera hau. Ez da batere ohikoa Europan mistoan eta izotz eskaladan erreferente diren bide horiek “ikasle” izaera duten gazte hauek igotzea. Kirol emaitzarekin ahoa bete hortz geratu naiz; izan ere, beste promozioetakoek baino maila hobea erakutsi dute».

Hori da Mikel Zabalzak adierazi duena. Ondoren, bere bi ikasleen iritziak jasoko ditugu. Baina, lehenik eta behin, hurrengo lerrootako protagonistak aurkeztuko ditugu. Ander Zabalza nafarra da, Ardanatz herrikoa. 22 urte ditu, eta aitaren eskutik probatu zuen kirol eskalada: «Duela 3 urte, Pirinioetako paretak eskalatzen hasi nintzen; besteak beste, Ordesakoak. Iaz, berriz, alpinismoan lehen urratsak egin nituen. Beraz, ez dut eskarmentu handirik. Une jakin batean ohartu nintzen kirol eskaladak ez ninduela asetzen, eta hormatzarretan izaten den konpromisoak harrapatu ninduen. Adrian Legarrak pozoi hori sartu zidan, eta Ordesa ezagutu nuenean, eskalada estilo horren sarean erori nintzen. Neure buruari galdetzen nion Etxaurin egon ordez zer egiten ote nuen pareta horietan. Baina hormaren goialdetik ateratzen zarenean, gehiago nahi duzu. Tentsio horrek harrapatu egiten zaitu. Guk diogu ‘guay’ pasatzen dugula, eta horrek esan nahi du beldurra ‘kide’ dugula».

Gazte nafarrak beldurra aipatu duenez, gogoratu behar dugu Unai Mendiak eta Albert Salvadok Ordesan zabaldutako “Beldurra” bidearen (7c+, 300 m) lehen errepikapena Inorizarekin egin zuela: «Harrituta geratu ginen gure igoera bigarrena zelako. Marra zaila, bikaina eta paraboltik gabekoa da. Unaik esan zigun pare bat sokada bidean saiatu eta jaitsi egin zirela. Lehen errepikapen horrekin ezusteko ederra hartu genuen. Jendeak egiten ez dituen bideek erakartzen naute. Nire ibilbide laburrean ‘Culo Spray’ (7c, 300 m) ere aipatuko nuke. Mikel Perez de Larrayarekin Tozal de Espelungan zabaldu nuen. Paretan bideak zabaltzen ez genuen eskarmenturik, gure lehen lana zen. Gainera, behetik ireki genuen. Inork ez zigun ezer azaldu; intuizioz jardun genuen. Jakina, akats dezente egin genituen. Baina asko ikasteaz gain, marra ederra geratu zitzaigun».

Gaztea izanik, Zabalzak adierazi du ikasteko gogo handiz dagoela, eta horregatik sartu da Alpinismo Taldean: «Mikel Zabalzak berak animatu ninduen. Hala ere, ez nuen neure burua beharrezko mailarekin ikusten. Paretan bai; ez, ordea, alpinismoan. Baina lehenbizikoa lehenesten dutenez, izena eman, probak gainditu eta taldean sartu naiz».

Kandersteg-eko egonaldiari buruz gazte honek adierazi digu erabat bete egin duela. Eskalada eremuarekin liluratuta geratzeaz gain, asko ikasi duela ziurtatu digu: «Lekua ikaragarria da; autotik bost minutura maila handiko izotz-jauziak daude. Gehien gustatu zaidana bideen sortzaileek erabili duten estiloa izan da. Ez dute paraboltik jarri! ‘Flying Circus’ bezalako bide bat igotzeak kristoren ‘subidoia’ eman zidan. Uste dut nahiko inkontzientea izan naizela; izan ere, ordura arte M5 gradutik gora ez nuen egina. Duen izen handiagatik bezperan ez nuen lorik egin. Ez dut era askean atera, hots, ez nuen kateatu; baina hura igotzeak kristoren ilusioa egin zidan. Horretaz gain, ‘Reise ins reich der eiszwerge’ bidea (III/6) eskalatu nuen; ederra oso. Eta ‘Elvis’ (M9) izeneko 30 metroko marra motza. Oro har, oso gustura nago eginiko bideekin, izotzean zein mistoan hain zailak ez nituen-eta inoiz egin orain arte».

Eta bigarrena

Inoriza, berriz, arabarra da. Gasteizko 21 urteko protagonista honek lehen urratsak kirol eskaladan egin zituen: «Mendira joaten oso goiz hasi nintzen. Gurasoek Sallenten etxea zuten, eta eskiak 3 urterekin jarri nituen. Hamabirekin, berriz, mendiko eskia egiten hasi nintzen. Nahiz eta aitarekin arrokara joaten nintzen, 14 urterekin rokodromoak ezagutu nituen. Irati Andaren eskutik Gasteizko teknifikazio zentroan sartu nintzen, eta urte batzuetan lehiatzen jardun nuen. Aitak paretaren etika transmititu zidan; etika horrek harrapatu ninduen. Eta Picu Urriellun eskalatu nuen. Entrenamenduak aitzakia modura hartzen nituen; izan ere, nik arrokan eskalatu nahi nuen. Blokea, hormatzarrak, kirol eskalada… Azken horretan 8a gradura heldu nintzen. Batzuk-batzuk egin ditut, baina mailaz ez naiz igo. 16 urte nituela, Adolfo Madinabeitiak ‘fitxatu’ eta Ordesara eraman ninduen; paretako nire aitabitxia izan zen. ‘Brujas-Franco-Española’ eskalatu genuen, eta, ondoren, Peña Montaseña bezalako hormak ezagutu nituen. Bide batzuk ni baino 3 urte gazteagoa den nire anaiarekin eskalatu ditut. Aipatu nahi nuke Anderrekin eskalatu nuen ‘Beldurra’ bidea; nire ibilbide labur honetan izan dudan eskarmenturik ederrenetarikoa izan zen».

Gazte arabarrak onartu digu Alpinismo Taldean sartzeko motibazio handia zuela: «Ikasteko gogo handia dut. Geure zuzendari Mikelek izen handia du, eta horrek asko erakarri ninduen. Birritan topo egin dugu, eta bere curriculuma ondo ezagutzen dut. Eskuarki, nire mailako kideekin eskalatzen dut, eta zaila da maila handiagoa duen sokakide bat lortzea. Anderrek, nire anaiak… asko motibatzen naute. Eta talde horretan neure burua ikustea egundoko ‘txutea’ da ere».

Bere kideak bezala, Inorizak bisitatu berri duen Kandersteg-i buruz iritzi bera du. Paradisua iruditu zaio: «Txiki-park modukoa da, baina, jakina, bere izaerarekin. Oso-oso gertu kristoren bideak dituzu; alpinismoa egiteko alderdi bikaina baino bikainagoa da. Goiko murrura heltzeko, berriz, ordu eta erdiko ibilbidea duzu. Eta hura ere egundokoa da. Anderrek bezala, nik ‘Flying Circus’ eskalatu nuen. Amets bat egia bihurtu zen. Mikel sona duen zeharkaldi horretan eskalatzen ikustea… Hari buruz bideo asko ikusi ditut, eta demasa izan zen. Ez nuen kateatu, baina oso gustura geratu nintzen. Kontuan hartu behar da asko jota M6+ egina nuela. Horretaz gain, ‘Metro’ bidea (V/6) aipatuko nuke. 130 metroko izotz-jauzia da, eta zulo batean eskalatzen duzu; beste dimentsio bat da. Ia ilunpean eskalatzen duzu, baina kopetako argirik gabe. Anderrekin ‘Reise’ igo nuen; ‘Finderlhon’ (IV/M7+) ere bai. Zalantzarik gabe, Kandersteg-en asko gozatu dut. Motibazio handia nuen, eta nahiko eroso sentitu naiz. Eskalada mailan ere salto ederra egin dut. Jakina, baldintza paregabeak zeuden, eta, besteak beste, ‘Flying Circus’ bezalako marra handi horretan sartu ginen».