26 MAR. 2018 MENDIKO ESKIA Pierra Mentaren ikuskizunak beste behin ere ez du hutsik egin 33. ekitaldiko irabazleak honakoak izan dira: Axelle Mollaret-Katia Tomatis eta Michele Boscacci-Robert Antonioli. Andoni ARABAOLAZA Beti esaten dugu Pierra Mentak ikuskizuna eskaintzen duela, eta azken ekitaldiak, 33.ak, ez du hutsik egin. Alabaina, beste edizio batzuetan ez bezala, aurtengoak ezusteko tristea izan du. Laugarren eta azken etapan, Kilian Jornetek eta Jakob Hermannek osatutako bikotea sailkapen buru zegoen, baina azken jaitsieran katalanak erorikoa izan zuen (peronea puskatu eta sorbaldan luxazioa izan zuen) eta erretiratzera behartuta egon ziren. Ezbehar horren ondorioz, “Skimoren Itzulia” Michele Boscacci eta Robert Antonioli italiarrentzat izan zen. Emakumezkoen mailan, berriz, ez zen ezustekorik izan, eta Katia Tomatis italiarra eta Axelle Mollaret frantziarra nagusitu ziren. Aurtengo Pierra Menta martxoaren 14tik 17ra jokatu zen, eta ohiko osagaiak aurkeztu zituen: lau etapa, 10.000 metroko goranzko desnibel metatua, 200 bikote baino gehiago, ehunka eta ehunka ikusle... Aurtengo neguak izan dituen baldintzak ikusita, jakina, elur asko izan dute. Hala ere, eguraldia ez dute erabat lagun izan. Adibidez, azken etapan, Grand-Mont mitikotik igaro behar zuten; baina, eskiatzaileen segurtasunagatik, eski estazio baten inguruan lehiatu ziren. Aurreratu dugu, halaber, 200 bikote baino gehiago bertaratu zirela. Zehatzago esanda, nesketan 18 talde eta mutiletan 195. Eta horien artean euskal ordezkariak izan dira. Postu on bat lortzeko lehiatu den bakarra Nahia Quincoces izan da. Marta Riba katalana taldekide izan du, eta sailkapen nagusian bederatzigarren postuan geratu dira. Mutiletan, bestalde, talde sasoikoena Igor Alzelaik eta Joseba Sarasolak osatutakoa izan da. 82. postuan sailkatu dira, irabazleengandik 4 ordu eta hamar minutura. Lau egunotako kronikari dagokionez, lehen etapan eskiatzaileak ia 2.400 metroko goranzko desnibela zuen ibilbidean lehiatu ziren. Gizonezkoen mailan, William Bon Mardionek eta Xavier Gachetek irabazi zuten 2 ordu eta 17 minuturekin. Lasterketa oso azkarra izan zen; izan ere, antolatzaileek 40 minutu gehiago espero zuten! Harrigarria bada ere, bigarren talde sailkatua, Boscacci-Antonioli, soilik 17 segundora heldu zen. Eta Hermann-Jornet minutu eta 11 segundora. Irakurri legez, eskiatzaileok Pierra Mentaren hitzordura oso sasoiko iritsi ziren. Aldeak oso txikiak ziren, eta, beraz, ikuskizuna bermatuta zegoen. Nesken mailan, berriz, Tomatisek eta Mollaretek argi eta garbi utzi zuten ezustekoari tarterik ez ziotela utziko. Gogoratu behar dugu Tomatisek azken Altitoy-Ternua irabazi zuela. Laetitia Rouxi eta Emelie Forsbergi ia 6 minutuko aldea atera zieten. Hirugarrenak Mireia Miro eta Marta Garcia katalanak izan ziren. Quincoces eta Riba bosgarrenak izan ziren. Bigarren etapa oso zirraragarria izan zen; bederen, lehenak helmuga puntura nola iritsi ziren aztertzen badugu. Etapa gogorra izan zen; izan ere, bost igoera (ia 2.800 metroko desnibela) izan zituzten. Eta gogorra izan bazen ere, amaiera esprint batean argitu zen. Modu batera edo bestera, Hermannek eta Jornetek erakutsi nahi zuten Pierra Mentaren 33. ekitaldia irabazi nahi zutela. Helmuga puntuan lehenak izan ziren, baina bigarren sailkatuei, Boscacciri eta Antonioliri, soilik 4 segundoko aldera atera zieten! Bon Mardion eta Gachet lau minutura heldu ziren. Nesketan, lehen etapan izan zen sailkapen bera atera zen; beraz, Tomatis-Mollaret taldea izan zen onena. Quincocesek eta Ribak berriro bosgarren postua sinatu zuten. Hirugarren etapan, Hermann-Jornet taldea hasieratik buruan jarri eta garaipena poltsikoratu zuen. Ia 3 minutura italiarrak iritsi ziren. Alde horiek kontuan hartuta, austriarra eta katalana behin-behineko sailkapenean lehen postuan jarri ziren. Mollaretek eta Tomatisek ez zuten hutsik egin, eta hirugarren etapa horretan nagusitu ziren. Quincocesi eta Ribari dagokionez, esan behar dugu katalana gaixo jarri zela eta hori argi nabaritu zela lehian. Hamabosgarren sailkatu ziren, irabazleengandik ordubetera. Erorikoa Laugarren eta azken etapari dagokionez, arestian aurreratu dugu antolatzaileek ibilbidea aldatu zutela. Zehatzago esanda, eguraldi baldintzek behartu zituzten aldatzera. Beraz, Grand-Mont mitikoa alde batera utzi, eta eski estazio baten ingurumarian lehiatu ziren. Jornet bere bosgarren Pierra Mentaren bila atera zen. Aurreko etapetan bezala, azken honetan ere katalanak eta austriarrak argi eta garbi erakutsi zuten aldapak igotzen indartsuenak zirela. Igoera horietan bigarren sailkatuei tarte ederra atera zieten, eta jaitsieretan mantentzen saiatzen ziren. Baina, harrigarria bada ere, azken jaitsieran, helmugatik oso-oso gertu, Jornetek erorikoa izan zuen. Ezbehar horren ondorioz, aurrera jarraitzeko eta helmugara heltzeko aukerarik ez zuen izan. Aurreratu dugun bezala, katalanak erietxean amaitu zuen. Gogoratu behar dugu, halaber, lau hilabete lehenago sorbaldan ebakuntza egin ziotela, eta, erabat osatuta zegoenean, peronea hautsi eta sorbaldan beste luxazio bat izan du. Bon Mardionek eta Gachetek irabazi zuten. Eta hori bera egin zuten Forsbergek eta Rouxek. Quincoces-Riba bikotea hamahirugarren izan zen. Lau etapak jokatu eta denbora guztiak batu ondoren, sailkapen orokorra argitu zen. Mutiletan, Boscacci-Antonioli italiarrak izan ziren onenak; ez zuten etaparik irabazi eta guztietan ala guztietan bigarren sailkatu ziren. Mollaret eta Tomatis erregularrenak izan ziren: hiru etapa irabazi eta bestean bigarren izan ziren. Quincoces eta Riba hamahirugarrenak izan dira. Euskal eskiatzaileak adierazi du arantza bat geratu zaiola: «Lehen bosten artean sailkatzeko asmoa genuen. Baina hirugarren etapan Marta ondoezik zegoen, eta ezin izan genion geure helburuari eutsi. Hala eta guztiz ere, asko gozatu dut Pierra Mentarekin. Inolako zalantzarik gabe, goi mailako hitzordua da». PIERRA MENTA 33. ekitaldia martxoaren 14tik 17ra jokatu da. 200 bikote baino gehiagok hartu dute parte, eta eguraldiak hainbat etapa baldintzatu ditu. IRABAZLEAK Nahiz eta etaparik ez duten irabazi, Michele Boscacci eta Robert Antonioli italiarrak erregularrenak izan dira. Nesketan, Axelle Mollaretek eta Katia Tomatisek irabazi dute. EZBEHARRA Kilian Jornetek Jakob Hermann taldekide izan du. Azken etapan, katalanak erorikoa izan eta erretiratu behar izan zuen. Une horretan sailkapen buruan zeuden. BEDERATZIGARREN Nahia Quincoces Marta Riba katalanarekin lehiatu da. Bederatzigarren postuan sailkatu dira. Igor Alzelai eta Joseba Sarasola 82.ean.