Nerea GOTI
Kazetaria
IKUSMIRA

Martxoan jende asko, urtarrilean ere bai

Zeozer berri gertatzen ari da. Martxo hau berezi xamarra izaten ari da, kaleek utzi dituzten irudiei erreparatuta behintzat. Irakurketa ugari utzi dituzte mobilizazio jendetsu bezain anitzek hiriburu guztietan, Martxoaren 8an, lehenik, hilaren 17an... Amankomunean asko dute borroka biek. «Nazka-nazka» eginda dauden sektoreek izan duten eztandak bultzatuta jaio dira. Horrela esan dute ideologia eta errealitate oso anitzak bizi dituzten herritarrek, ordura arte kalera protestatzera inoiz irten ez den askok ere.

Protestek muga ikusezin batzuk apurtu dituzte kasu askotan, protestatzea batere gauza ona ez dela matxakatzen duten eliteen mezuen gainetik, iskanbilaren irudia eta arazoetan sartzea dakarren portaera irudikatuta mobilizatzeak ezertarako balio ez duen ideia alde batera utzita... Horregatik, «borroka» hitza mespretxatu dutenek hitz politekin erantzun behar izan dute. Sistemak ederki daki mezua bere interesen arabera moldatzen eta aldarrikapenekin betidanik ados izan balitz bezala agertzen. Interpelatutako instituzioak sostengatzen dituzten alderdietako ordezkariak ere gai dira manifestazioan parte hartzeko egun batean, eta hurrengoan kontrakoa egiteko. Bitartean jende askok jarraitzen du kalean eta horrek jada eragina izan du agenda politikoan, komunikabideen arabera.

Urteetan urtarrilarekin manifestazio erraldoi eta anitz asko izan dira hemen. Martxoko hauekin alderatuta, izango da agian batzuentzat hain kontatzekoak ez direla horiek, kaleak betetzen dituzten milaka horiek agendan eragiteko gai ez direlako?