Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Aholkularien estimazioa

Asaldatu egin dira asko eta asko Trumpen azken izendapenarekin. Ni ere bai, baina agian ez beste askoren arrazoi berberarengatik.

John Bolton Segurtasun aholkulari izendatu izanak izutu ditu gehienak; ez dit kilima berezirik egiten horrek niri: aspaldi bota nuen Bolton areto-estrategen zakura. Fox Newseko platotik kanpora, erositako prezioan saldu behar den horietako bat da Bolton, erreakzionario erasokorrena baino pauso bat aurrerago joan behar izaten duten horietakoa. Hitzez. Egintzetan, Vietnamera joan behar zuenean, etxean goxo geratu zirenetakoa. Eta gainera hori ere duintzat saldu nahi luketenetakoa.

Boltonen izendapenari, hala ere, izendatzaileak hartzen dio gaina. Ezer erakutsi badu argi Trumpek Etxe Zurian daraman aldian, hori da aholkuak zakurraren ipurdian pasatzen dituela, eta aholkulariak ohaideak bezain erraz aldatzen dituela. Haien ideiaren bat aprobetxatzen du, bai, baina berari otutzen zaionean... Egotismoak hori du berezkoa. Beraz, Trumpen aholkularien eginkizun nagusia da eta izango da elkarren artean lehiatu eta elkar anulatzea.

Ikuspegi horretatik da, hain zuzen, kezkagarriagoa Boltonen izendapena. Estamentu militarrak Trumpi, bere agintaldiaren hasieran, badaezpada, ezarri zion «segurtasun hesia» osatzen zuen McMaster jeneralak, Mattis eta Kelly jeneralekin batera. Atzera-bueltarik gabeko astakeriarik egin ez zezan. Orain, zulatuta geratzen da hesia. Eta apustu egingo nuke, Boltonen benetako eginkizuna (Trumpen kaskoan dabilena, alegia) beste bi izardun horietakoren bat ere enbarazutik kentzea izango dela.

Zertarako? Hori da gutxienekoa; ikusiko da. Boltonen erretolikekin zerikusirik ez dutenak, edo kontra-kontrakoak, dira Trumpen burutaziorik gehienak nazioartean...

Trump eta Bolton bat etor daitezke, demagun, Irani erasotzean; baina ia gainerakoan jarrera kontrajarrietan daudela esango nuke. Adibidez, Ipar Koreari buruzkoetan; edo Errusiaren inguruan. Eta bere burutazioen arabera jokatzen ahaleginduko da Trump, ez aholkulariaren esanera.

Horregatik zeukan ipinita hesia...