02 ABR. 2018 ABERRI EGUNA Abertzale ugari Donibane Garazin, Kanaky eta Katalunia hizpide Ehunka lagun bildu ziren atzo Donibane Garazin Aberri Eguna ospatu eta independentzia aldarrikatzeko. EH Baik eta Aitzina gazte antolakundeak herri eraikuntzan lanean jarraitzeko beharra azpimarratu eta Kaledonia Berrian erreferenduma baimendu duen frantses Gobernuari mezu argia igorri zioten: «Kanakyn posible bada, Euskal Herrian ere ahal da». Haritz LARRAÑAGA DONIBANE GARAZI Etxerat elkarteko kideak karrikak euskal presoen aurpegiekin atontzen ari ziren oraindik Donibane Garaziko merkatuan jendea pilatzen hasi zenean, eta eguzkia gero eta gertuago zegoela zirudien. Aitzina eta EH Baiko militanteek “Herriek eraiki, herriek erabaki” zioen pankarta ireki zuten, eta, bigarren lerroan, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako armarrien irudiak zituzten lagunak ezarri ziren. Jarraian, independentziaren aldeko oihuekin abiatu zen antolatzaileen arabera 1.500 lagun bildu zituen ekitaldia. 12.30ak ziren manifestazioa Donibane Garaziko karrika bihurrietan galdu zenean. Turistez lepo zeuden kaleetan manifestazioari leku egiteko ardura joaldunek hartu zuten. «Prozesio bat da?», galdetu zuen bazkaltzeari utzita jatetxetik atera zen bisitari atzerritar batek. Ikurrina zenbait etxetako leihoetan, adin guztietako lagunak eguzki azpian eta elurra gibeleko mendi tontorretan. Manifestazioa hasi zen leku berean amaitu zen. Oholtza gainetik, Hodei Barroso bertsolariak rap bat abestu zuen, biolin hots eta sampler doinuekin lagunduta. Bien bitartean, dantzari batek okasiorako moldatutako aurresku bat dantzatu zuen. Jordi Gaseni Kataluniako l’Ametlla de Mar herriko auzapeza eta AMI independentziaren aldeko udalerrien elkarteko lehendakariordea izan zen hitza hartzen lehena. Frantsesez, azken urteetan Katalunian eman diren urratsen laburpena egin zuen Gasenik. «Espainia diktatorialak galdu egin du, Kataluniak irabazi du», adierazi zuen, eta amaitzeko herrien arteko elkartasunari egin zion erreferentzia, «Katalunia zuen ondoan dago», aldarrikatuz. Kanaky zein Euskal Herrian Kamila Gratien eta Txomin Casteigtsek hitz egin zuten jarraian, hurrenez hurren Aitzina eta EH Baiko kideak. «Urte luzez Euskal Herriaren ezagupena eta bestelako jendarte baten aldeko egitasmoak plantan ezartzeko baldintzak sortu ditugu. Ikastolek, irratiek, Lurzaindiak, euskal monetak eta beste hamaika proiektuk dute biharko nahi dugun Euskal Herri berria eraikitzen», nabarmendu zuen Casteigtsek. Erabakitzeko eskubidea hizpide, honako hausnarketa egin zuen EH Baiko kideak: «Korsikan burujabetza handitzeko aldarrikapenei bizkar eman die Macronek, baina, aldi berean, frantses Gobernuak Kanakyn erreferenduma baimentzea erabaki du. Horrek argi uzten du nahi denean gai direla legearen baitan aplikatzen den autodeterminazio eskubidea baimentzeko». Behi manifestazioa amaituta, eguna hasi baino ez zen egin. Tokiko produktuekin egindako herri bazkarian 300 lagun izan ziren eta festa giroak gaua erori arte iraun zuen.