Zinez eta minez
G ure herriko lanak handi dire/astun dire, gogor dire/zatiturik gaudenentzat» X. Leteren kanta ez ezik A. Yupanquiren «Yo tengo tantos hermanos/que no los puedo contar» ere entzungo ditugu ikusleok, besteak beste. Azkenak amaiera borobila emango dio ikuskizunari, antzeztuta ikusi ditugun zazpi anai-arreben egiazko testigantza, benetako argazkiak hondoko gortinan aletzen diren bitartean. Hunkigarria da antzezlana. Maite zaitut, faltan zaitut. Anai-arreben istorio intimoz osaturiko bilbeak historia unibertsala ehunduko du, gure gizartearena. Horrela, Fuchs anaiek eta Lipusek senidetu gaituzte bizitza eta antzerkia batuz.
Nik zu zaitut maiteago... Hor dago kontua, edozein modutan gaudela, kartzelan zu, bisitan ni, hiltzear ospitalean zu, ni jakiteke zu torturaturik zaudela, gu biok haurrak ginela armairuan ezkuturik, adimen urria duzula, egoskor, zure ondoan nahi nauzula, istripuan hilda zaitudala, ni zuri ordenagailuko bideoan miraz begira. Hi eta ni bat izan(go) gaituk/n, hor dago koxka. Gainera, gizonezko pertsonaiek, gehiengoa izaki, zaintzaren etika barneraturik duen maskulinitate zuzen baten irudia oholtzaratzen dute.
Funchs anaiek zenbaitetan pertsonaiak gorpuzten dituzte maisuki, beste zenbaitetan ahotsa eta musika ipintzen diete euren testu edota pentsamenduei. Bideoa pantaila erraldoian, testigantza emaileen aurpegiak lehen planoan hainbatetan. Zatika eratzen da ikuskizunaren biribiltasuna, tarte batetik bestera, kanta ezagunak puzzleko pieza aldatzeko txanda markatuz eta erritmoa mantenduz. Errendimendu perfektuaren eszenografia: estore bertikala proiekzioen gunea eta hiru kutxa. Pertsonaiak, momentu batean, Ximun eta Manex dira. Azken istorioa beren familiari dagokio, baina dagoeneko antzoki honetan denok familia bat garela ulertu dugu. Yo tengo tantos hermanos...