GARA Euskal Herriko egunkaria

Gipuzkoako hotelen sektoreak maiatzeko grebari eutsiko dio


ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek prentsaurreko bateratu batean jakinarazi zuten, negoziazio kolektiboak blokeatuta jarraitzen duenez, Gipuzkoako hoteletako langileak greban parte hartzera deitzen dituztela. Zehazki, maiatzaren 23, 24 eta 25erako deialdia egin dute, Donostian turismoaren biltzar nagusia izango dela aprobetxatuz, hain zuzen.

ELAren egoitzan eginiko agerraldian ohartarazi zuten patronalak orain arte eginiko proposamenak ez direla nahikoak akordio batera iristeko, «planteatzen dutena ez delako eskakizunaren minimoetara ere iristen». Hori horrela, greba deialdiak aurrera jarraituko du ezer tinkorik ez dagoen bitartean.

Negoziazioan zehar sindikatu hauek bi puntu nagusitan jarri dute arreta: batetik, soldaten igoera KPI gehi %1,5ekoa izatea 2017, 2018 eta 2019an; eta bestetik, azpikontratazioak bukatzea.

«Prekaritateari zuzenki lotuta dago, langile horiek ez baitira hitzarmen kolektiboaren barnean sartzen», salatu zuen Maddi Azpiazu ELAko kideak, gutxienez horien egoera erregulatzeko eskatuz.

Gaineratu zuen gero eta hotel gehiagok erabiltzen dutela azpikontraten politika eta, adibide moduan, horren aldeko jarrera erakutsi duten hotel batzuk zerrendatu zituen: Londres, Barcelo Costa Vasca eta Mercure Monte Igeldo hotelak, kasu; «edo hori muturreraino eraman duen Zenit hotela, harrera izan ezik beste zerbitzu guztiak kanpora atera dituena».

1.600 langile «prekario»

Era berean, ohartarazi zuten Gipuzkoan irekitzear dauden hotel berriekin prekaritateak goranzko joera izango duela, gaur-gaurkoz sektoreko 1.600 langile egoera ezegonkorrean daudela zehaztuz. Hala, azpikontratatutako langileek gainerakoen soldataren erdia jasotzen dutela salatu zuen Azpiazuk: «Azpikontratatutako enpresa askok gutxieneko soldata interprofesionala baino gutxiago ordaintzen dute».

Bestalde, gatazka hau administraziora eraman al duten galdetuta, ELAko kideak nabarmendu zuen afera hau patronalekin konpondu beharreko zerbait dela, Adegiko Aspagirekin zein Gipuzkoako Ostalaritza Enpresen Elkartearekin. «Bi puntu nagusiekin ados agertzen badira ere, bata ematean, bestea kentzen dute», esan zuen.

Maiatzean segida izango duten mobilizazioak iazko irailaren 29an hasi ziren. Urriaren 12an ere elkarretaratu ziren eta azkenak azaroaren 30ean eta abenduaren 7an egin zituzten.