Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Arbolaren bueltan

Igandean “Arbolaren egia” izeneko eskultura inauguratuko dute Baionan, armagabetzearen urteurrenean. Euskal Herriko gatazkan gertatuaren memoriaren lekuko izan nahi duen sinboloa. Arbola bizi bilakatzen den aizkora iraulia. Arbolak mozteko erabiltzen den tresna arbola bilakatua. Ezinezkoa dirudiena ekinez egia bilaka daitekeela irudikatu lezake, iazko apirilaren 8an bezala.

Iñaki Egañak “Armagabetzea. Euskal Bidea” liburuan anekdota polita kontatzen du apirilaren 8ko efemeridearen harira. Egun horretan baina 1962an, Evianeko negoziaketetan lortutako akordioen alde edo kontra bozkatu zuten frantsesek erreferendumean. %90,7ren babesa jaso zuten, Aljeriaren independentzia ahalbidetuz. Aldiz, akordio haien kontra azaldutako zenbait, urte batzuk geroago espainiar Estatuaren gerra zikinaren laguntzaile izan ziren BVE, Triple A eta GALekin parte hartuz. Euren eraso gehienak Baionan egin zituzten.

Gertakari horiek ere arbolak bilduko dituen egien parte izango dira, nahiz eta Espainiako Erreinuak etengabe ukatu nahiko duen hemen gatazkarik izan dela. Alde guztietako biolentziak eta sufrimenduak izan direla. Arbola horren magalean jasoko dira Txomin Iturberekin eta urte batzuk geroago Aljerren bertan izan ziren negoziazio ahaleginak ere.

Txetx Etxeberri bake artisauak aurreko batean “Berria”-n egindako elkarrizketan zioen Euskal Herriaren psikologian indar berezia duela armagabetzea ekintza kolektibo gisa egin izanak. Ahalegin kolektibo bera edo handiagoa beharko da Euskal Herrian bake osoa eta bizikidetza justua eraiki ahal izateko jarrera eraikitzailez, gatazkaren gordinenean nabarmendu zaizkigun balioei indarra emanez: elkartasuna, konpromisoa, enpatia. Sufrimenduak alderatu gabe, baina guztiak aitortuz.

Euskal Herrian arbola sinbolo garrantzitsua da. Bere inguruan bildu izan dira gure arbasoak, erabaki kolektiboak hartzeko. Etorkizun kolektibo hori eraikitzeko toki polita izan liteke Baionako arbola.