GARA Euskal Herriko egunkaria
Eskalada

Euskal jubenilakbikain hasi dira Europako Kopakolehen probetan

Frantziako Voironen lehen lehiak jokatu dira. Andoni Esparta zailtasunean bosgarrena izan zen, eta, abiaduran, Mikel Linazisoro zortzigarrena.


Europako Jubenilen Kopa hasi da dagoeneko. Gazte hauek zirkuitu luzea dute aurretik; izan ere, 11 norgehiagoka jokatuko dira: 4 zailtasunezkoak, beste 4 blokekoak eta 3 abiadurakoak. Lehen urratsak apirilean egin dituzte; azkenak, berriz, urrian.

Ohi den bezala, Kirol Eskaladako Nazioarteko Federazioak hiru maila antolatzen ditu: juniorrak, Youth A eta Youth B. Eta, beste behin, aurtengo zirkuitu horretan euskal ordezkariak ditugu. Jakina, Fedme-ren izenean lehiatuko dira. Juniorretan: Muriel Ruiz de Larramendi eta Mikel Linazisoro. Eta Youth A mailan: Andoni Esparta eta Eneko Carretero.

Hilaren 6an eta 8an, Europako Kopako lehen bi probak jokatu ziren. Eta bi diogu bi modalitate ezberdin jokatu zirelako: abiadura eta zailtasuna. Hitzordu hori Frantziako Voiron herriak jaso zuen, eta, oro har, esan dezakegu euskal ordezkariek postu bikainak erdietsi zituztela. Horietako bi azpimarratu nahi genituzke. Bat abiadurakoa izan zen. Gogoratu behar dugu euskal ordezkariek abiadura probak oraindik ez dituztela oso ondo menderatzen. Alabaina, Linazisorok meritu handiko zortzigarren postua lortu zuen. Eta beste berri pozgarriak zailtasun modalitatetik etorri ziren. Finaletara hiru sailkatu ziren: Esparta bosgarrena izan zen eta Carretero zein Linazisoro, zortzigarrenak. Jubeniletan Europan dagoen maila ikusita, lasai asko esan dezakegu postu bikainak izan direla.

Zailtasunean oso fin

Lehen proba eguna hilaren 7a izan zen. 100 lehiakidek baino gehiagok jardun zuten abiadurako proposamenetan. Gogoratu behar dugu modalitate honetan, berez, Polonia eta Errusia, esaterako espezialistak direla. Baina lehen proba honetan izan diren emaitzak ikusita, azpimarratu dezakegu egoera aldatzen ari dela; izan ere, oro har, Frantziako eta Italiako lehiakideak nagusitu dira.

Jakina, Europan zein mundu mailan dauden lehiakide sasoikoenak ondo baino hobeto ari dira prestatzen Japonian jokatuko diren Olinpiar Jokoetarako. Kirol eskaladak lehen aldiz tokia izango du, eta hiru modalitate hartuko ditu bere baitan: abiadura, blokea eta zailtasuna. Gainera, nahitaez hiruretan parte hartu beharko da. Horrela bada, herrialde guztiak hasi dira abiadurako probak lantzen.

Europako Kopako lehen proba horretan Linazisosok oso ondo jardun zuen. Sailkapenetako kronoa 8.51 denboran gelditu zuen; hots, hamar segundotik behera ibili zen. Hurrengo sailkapen txandatik ez zen pasatu.

Biharamunean, berriz, lehiakideek beste “patxada” batekin jardun zuten. Zailtasun probari buruz ari gatzaizkizue.

Youth A mailan, 41 lehiakidetatik hamar finalera igaro ziren; horietako bi Esparta eta Carretero izan ziren. Bilbotarrari dagokionez, esan behar dugu sailkapen saioko bi bideetan 6. eta 8. sailkatu zela. Baina finalean beste urrats bat egin eta bosgarrena izan zen. Zumaiarra, berriz, sailkapen-saioetan bikain baino bikainago lehiatu zen. Eta hori diogu bide batean hirugarren postua sinatu zuelako, eta bestean, laugarrena. Finalean ere oso motibatuta jardun zuen, baina, azkenean, zortzigarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Juniorrei dagokienez, azkenik, nesketan 14 eskalatzailek hartu zuten parte. Ruiz de Larramendi ez zen batere fin ibili eta azkenengo postuan sailkatu zen. Linazisoro sailkapeneko bide batean hamahirugarrena izan zen, eta bigarrenean ondo estutu eta seigarren amaitu zuen. Hamar finalisten artean, bergararrak zortzigarren postua sinatu zuen.