Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Hitzen babesa

Terrorismoaren definizioa hainbeste zabaldu du Estatuak, inork ez dakiela muga non dagoen. Iraganean legez, euskarak jarraitzen du izaten adierazpen askatasunerako dugun babesik eraginkorrena.

2001. urtean izan nuen lehen froga, New Yorkeko Dorre Bikiak eraitsi zituzten egun berean. Orduan han bizi zen lagun bati deitu nion bere bizipenaren berri izateko. Deia hartu, apur bat hitz egin eta moztu egin zen. Gero berak deitu zidan, eta gauza bera. Orduan geure buruari eman genion azalpena deien ugaritasunak eragindako saturazioa izan zen.

Hamasei urte beranduago, ostera, azalpen alternatiboa irakurri nuen. Irailaren 11 hartan hizkuntza zehatz batzuetan gertatutako dei guztiak moztu ei ziren. Hizkuntza guztiek zuten ezaugarri komuna: AEBetako filtroek ezin identifika zitzaketen, eta ondorioz, ezta aztertu ere.

Eta badira adibide gehiago. Bertsogintzan, esaterako, 80ko hamarkadatik garatu den eduki eta mezu aniztasuna ezinezkoa zatekeen gazteleraz izan balitz. Alderatuta, askoz gutxiago dira euskaraz adierazitako edukien ondorioz epaitegietatik igaro diren euskal sortzaileak.

Bitxiena da euskal sortzaileen epaitegietarako joan-etorri urriak euskarazko kultur sorkuntzarekiko, oro har, deskafeinatuaren pertzepzioa eragin diela batzuei. Lan baten gaitasun eraldatzailea Estatuak eragindako errepresio mailak determinatuko balu legez. Kristauek, juduek eta musulmanek martiriak behar dituzte mundua ulertu eta azaltzeko. Jasandako martirioa da izandako bertutearen neurria. Eta Mendebaldeko gizartean hain ohikoa den zentsuraren ondoriozko edo hil eta berehalako arrakasta komertziala jokaldi beraren 2.0 bertsioak dira.

Hara jolasaren legea, zenbat eta hizkuntza txikiagoa izan hainbat eta handiagoa da bere barruan aurki dezakezun askatasuna. Babesaren prezioa oharkabean pasatzeko arriskua da. Berez, edozein adierazpen motaren hutsegiterik handiena eta sortzailearen beldur atabikoa.

Aitzitik, adierazpen askatasunik gabeko gizartean oharkabea oasi bat da.