Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Mashup

Hainbeste txorakeria entzuten dugun garai nahasi eta nortasunik gabekoetan, dena estaltzen duen ur jario meheak inguruak lausotzen ditu. Lehiaren munduan bizi gara. Txanpona botatzea balitz bezala; Iparra ala Hegoa, gerla kulturala.

Einsteinek sortu zuen erlatibitatearen teoria, inork ulertzen ez duen formula enigmatiko baten bidez adierazten dena. Euskaldunok, noski, bat egiten dugu berarekin, galdera egiten duenaren arabera aldatzen baita gure jatorria. Existitzen ez dena, ez da existitzen ta kitto, txikito.

Atzerritarrentzat atzerrian gerla irabazi eta herrian Nafarroa galdu. «España roja y rota y mis cojones también». Miedo, pánico, terror a un planeta vasco. «Atzera ez begiratu» ziotenak itzuli egin dira gogorarazteko; borreroak baditu milaka aurpegi. Eta denok badakigu nortaz ari naizen, egun hartan euri jasa izan baitzen.

Pelikuletan ez bezala, errealitatean izuak ez baitu mugarik. Egun horretan gainera gonbidatu Barne ministroa zegoen hantxe. Hitz erasotzaile horiek azkarregi egin zuten topo egun osoan buruan zebilkidan “Guns of Brixton” kantarekin: «Zure atera ostikadak jotzen iristean, nola irtengo zara? Eskuak buru gainean ala pistolaren kakoan?». Hipokrisiaren erresuman ez dago lekurik errugabeentzat eta guzti hauetatik oso gauza gutxi daude debekatuta gure Estatu honetan.

Lilurapenean Henriettari zu hiltzea eskatuko diozu, hilotz batek badakielako sekretuak beti ondo gordetzen, baina berak bizkarra emanda «bilatu eta suntsitu» leituko duzu. Hitzez kondenatua, hitzez epaitua, hitzez hitz zigortua, hitzez hitz antzua. Munduko hiztegi oro ari da negarrez, aditzak beldurtuta geldi-geldi daude. Erori, erori eta erori, behin eta berriz.

Irri eginez, hau ezin dela pentsatu dut. Berak nire denbora bete dezan itxoiten, itxoiten. “Hemen izango bazina”. Itzultzeko desioa errealitatea orain. Bizitzaren txorakeriak. Hasi eta bukatu negarrez. Ukabila izan den eskua irekitzen du alai.

Historiaren gurpila bueltaka berriro. Abaila horretan lehertuko haiz motel baina badakik Vladimir horrek zer esan nahi duen; gizakiak Historiari beste kolpe bat zor ziok. Gora gerrilla! Gora bakea!