23 ABR. 2018 Harri-jasotzea Irigoienek aise irabazi du Gorostidi Harria txapelketa Minutu batetik gorako aldea atera zion bigarren sailkatu zen Jokin Eizmendiri. Última actualización: 23 ABR. 2018 - 17:16h Jon LEUNDA Aimar Irigoienek ez zuen ezusterako tarterik utzi, eta errezildarrak aise irabazi zuen atzo Adunan jokatu zen Gorostidi Harria Txapelketa. Urtero bezala, jendetza batu zen Adunako pilotalekuan, harmailak eta behean jarritako eserleku guztiak bete egin baitziren. Kirolari bakoitzak 175 kiloko errektangularra, 160ko, 175eko eta 150eko zilindro zaharrak eta 139ko harri baldarra erabili behar izan zituen. Helburua ahalik eta denbora laburrenean harri bakoitzari bi jasoaldi ematea zen. Irigoienek ez zien gainerakoei aukerarik eman; lanak egiteko minutu bat eta 48 segundo behar izan zituen, gainerakoei sekulako aldea ateraz. Jokin Eizmendi zen bere aurkari nagusia, eta zestoarrak ere lan bikaina egin zuen; lan guztiak 3 minutuan amaitu, eta aurreikusten zen moduan bigarren postua lortu zuen. Podiuma Aimar Galarragak osatu zuen, egin beharrekoak 3 minutu eta 42 segundoan eginda. Atzetik, Izeta IV.a (4.04), Aranburu (4.14), Ugartemendia (4.17) eta Peñagarikano (4.36) geratu ziren. Urrezko harri-jasotzaileen lehiaketan, Imanol Illarramendi eta Mikel Lopetegi izan ziren lanean jardun zirenak. Aurrena Illarramendi aritu zen 163ko zilindro zaharrarekin hiru minutuan, eta 7 jasoaldi eman zizkion. Jarraian, Lopetegi 113ko kubikoarekin jardun zen hiru minutuan, eta berak 23 jasoaldi eman zizkion. Txanda librean 100 kiloko bolarekin lau minutuko txandan, 57 jasoaldi eman zizkion, denera 9.440 kilo bizkarreratuz. JENDETZA Urtero bezala, jendetza batu zen Adunako pilotalekuan lehiaketa ikusteko asmoz. Harmaila guztiak eta pilotalekuan bertan jarritako eserleku guztiak bete ziren.