23 ABR. 2018 ZIRIKAZAN NBE, gomendioen erresuma Josebe EGIA Bai gaizki nazioarteko erakunde bat izatea, izan dadin milaka zerga jatea (geureak barne) eta ezer gutxirako balio izatea. Salatu ohi du, modu abstraktuan, bera osatzen duten estatuetan giza eskubideak bortxatzen direla, baina inortxok ere ez dio jaramonik egiten. Beraren erakundeak, Acnur edo Minurso, ez dira batere eraginkorrak. Lehenengoari egotzi diote bertako jendeak, batzuetan, pertsonak babestu beharrean basakeriak egiten dituela. Bigarrenak ez ditu babesten Mendebaldeko Saharan Lurralde Okupatuetan dauden sahararrak, nahiz eta ikusi, atzamarrik mugitu barik ikusi ere, Maroko giza eskubideen aldeko aktibistak sarraskitzen ari dela. Tarteka, baina, estaturen bat lotsarazten du, eta honek, batik bat ondo geratzeko, haren txostenak aintzat hartu behar izaten ditu. Azkenekoa, Espainiako Estatua, NBEren Ekonomia, Gizarte eta Kultur Eskubideen Batzordearen (EKKE) azken txostenaren harira, emakumeoi zuzenean eragiten diguten zenbait eskubideren urraketari buruzkoa: aipatu Estatuan genero-berdintasunik eza dagoela berretsi du. Gogor kritikatu du, besteak beste, andrazkoon egoera, eta, beste behin, kargu hartu dio Espainiako Estatuari 17 urtetik beherako neskei eta desgaitasuna duten emakumeei guraso edo tutoreen baimenik gabe abortatzeko inposaturiko debekuarengatik, kolektibo horientzat «abortatu ahal izateko eragozpena» delakoan. Hori dela eta, «legezko ordezkariaren baimena izateko betebeharra desagerraraztea» gomendatu dio; alegia, mugimendu feministak eta haurdunaldia borondatez eteteko klinikak urteetan eskatzen ari zaizkiona egin dezan. Izan ere, abortuaren erreformari esker, andreok berriz gaude besteren mende, gauza zeharo jakina izan arren adingabeen oso ehuneko txikiak jotzen duela bakarrik abortatzera, gurasoek lagundu barik –hala denean, gainera, haien artean arazo larriak dituztelako izaten da–. Soldata-arraila ere badu jomugan Batzordeak: «iraunkortzat» jota, gomendatu du Estatuak «indarrak bikoiztea» hura desagerrarazteko eta lan-munduko segregazio horizontal eta bertikalari aurre egiteko, hau da, botere-lanpostuak eta “maskulino” gisa ezarriak betetzeko aukera-berdintasuna ezartzeko. Beste gomendio bat ere bai: «Balio bereko lanarengatik, soldata bera» aplikatzen jarraitzea, enpresetan ordainsarien gaineko gardentasun handiagoa izateko betebeharra ezartzearren. Baina… gomendioak, noski, gomendio dira. Inork egingo ote jaramonik?