30 ABR. 2018 ETA-REN AGURRAREN AURREAN HIRUROGEI URTEKO AGUR BATEN TESTIGANTZEN BILA 1958AN ABIATUTAKO BIDEARI AGUR ESATEKOTAN DA ETA. GUTXIEN ENTZUNGO DEN AHOTSA SEI HAMARKADAKO BIDE HONETAN ERAKUNDE HONETAKO MILITANTE IZAN DIRENENA DA. BIARRITZ, SENPERE, AGURAIN, GOIZUETA, ELGETA, DEBA ETA ETXANOTIK EGINDAKO BIDAIA AZKAR BATEN KRONIKA DA HAU, 60 URTEKO BIDE BATEN INGURUAN ERAIKITAKO ISTORIO BAT. Juan Jose Legorburu. Última actualización: 30 ABR. 2018 - 10:16h Ion T. BARRENA Biarritzen da lehen hitzordua. San Martini eskainitako elizan, bertako zaharrena. Pila faltan “Tabac” batera joan gara, frantsesez hasi da hizketaldia. Hartu gaituen gizona pila bila nahastu eta emazteak, «ze behazu?» esan dion arte. Elizondokoa da emakumea, barnealdekoa dirudi gizonak. «Zure euskara... nongoa zara?», galdetu dit. «Gipuzkoarra». «A! Nere emaztea bezala!» esan du, hark aurpegia okertu eta zuzendu dion artean. Loading player... Alboko tabernakoak lagunak ditu Eloy Uriartek (Soraluze, 1941) aspalditik. Orain dela hilabete pare bat itzuli zen sorterrira, 1974an ihes egin zuenetik zapaldu ez zuen herrira. Konfinamendua eta hainbat atxiloketa bizi izan ditu hamarkada horietan; bertatik bertara GAL eta BVEren erasoak ere. Momentuaren garrantzia azpimarratuz «zaila» dela dio, «horrenbeste urtean hor egonda», eta, aurpegia irribarre okerrez jantzita, «halako umezurtz sentipen bat» baduela dio ETAren agurraren aurrean. Intxortako frontearen magalean jaio zen Ane Miren Alberdi (1948, Elgeta). Krabelinak daude ordukoak gogora ekartzeko altxatako eskulturan. Giro umelak ilunduta ageri dira lubakiak eta heren bat apurtua duen ikurrina darabil haizeak dantzan 36ko erresistentzia hartan garrantzi berezia izan zuen «belgikarraren» posizioan. «Intxortan borrokatu zirenek guregan eragin izugarria izan zuten», dakar gogora. Baita gerra amaitu osteko denbora ere, «urteak pasatu ziren lozorroan eta ezer egiten ez zela». Deban hondar artetik aldarrikatzen den harkaitzari begira hartu gaitu Itziar Aizpuruak (1943, Deba), «hor bota genituen Jokinen [Gorostidi] errautsak», dio irribarre malenkoniatsu batekin. Txabi Etxebarrieta hil zutenekoa dakar gogora (1968), baita maitale ere bazuen Gorostidi izan zitekeelako hasierako izu areagotua ere, bide ezberdinetatik leku berera joatekotan baitziren biak. Hasierako urte haietaz lehen gogoeta, «ez zegoen ezer, ez zegoen inolako etorkizunik, ez itxaropenik eta ezta ezertarako gogorik ere. Zapalkuntza besterik ez, frankismoaren botapean bizi ginen». Horregatik dio Aizpuruak ETAren sorrerak berebiziko garrantzia izan zuela garaian Euskal Herriak herri gisa bizirik jarraitzeko, «ETA ilusioz sortu zen, baina baita beharrez ere, zulo beltz batean sartuta ginelako». Beste militante historiko baten heriotza da Juan Jose Legorbururen (1959, Etxano) lehen oroitzapena, Eustakio Mendizabal Txikia hil zutenekoa (1973), «hamalau urte nituen eta hor jabetu nintzen kontzientzia argi bat ari nintzela hartzen, zer ginen eta non ginen». Etxanon egin dugu hitzordua, euren baserritik gertu; Anboto eta Mugarra laino artetik ageri zaizkigula, Udalaitz bakartia atzean. Urte luzez izan da espetxean Legorburu eta berarekin Valdemoroko patioan izandako beste preso kide batek kontatu ohi duen istorioaz jardun dugu lehenbizi. Preso sozial bat inguratu zitzaien bi euskaldunei etsita, «hiru hilabete noa hemen eta ezin dut gehiago!». Hartara galdera, «vasco, zu zenbat zoaz?», Legorbururi, «ni 25», «25? Eta nola eusten diozu hain indartsu eta irribarrez 25 hilabete eta gero?», arruntak, «hilabete? 25... urte!», zur eta lur joan zen preso soziala patioaren beste aldera. 1986an atxilotu zuten Legorburu Iruñean eta 2013an itzuli zen Zornotzara, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak «Parot» deituriko doktrina bertan behera utzi ostean. Egia adina gezur idatzi da ETAz azken hamarkadotan eta Hernani izan da asmakerien ohiko lokalizazioa. Bertatik ekin diogu beste belaunaldi bateko lehen testigantzaren bila. Hernanitik Goizuetarako bideak badu hizpide dugunaren trazarik; bide aldrebesa, estua oso tarteka, bihurgunez betea, aldian-aldian arnasguneren bat eskaintzen duena eta harizti sendoen itzalpean aurrera doana. Iñigo Elizegiren (1971, Goizueta) ustez «diktaduraz, Gernikaz eta hainbat gauzaz hitz egin beharra dago oraindik». Ditxosozko “errelatoaz” ere hausnarketa, «ez dakit nolako guda duten horrekin, baina goizago edo beranduago hitz egin beharko da biktima guztiez ere». GAL, BVE eta tortura aipatu dizkigu, besteak beste. Ohikoa baino berdeago ageri da Arabako lautada Oihana San Vicenteren (1976, Agurain) enkontrura abiatu garenean. «41 urte ditut eta ez dut ezagutu Erakunderik gabeko gatazkarik, Euskal Herririk... belaunaldi askorentzat hori izan da gure errealitatea», dio gaur-gaurkoz Sorturen Arabako arduradun denak, «batzuei eta besteei entzunda badirudi ziklo armatuaren bukaerarekin gatazka politikoa bukatu dela... eta hori ez da horrela». 2011ko ETAren erabakiaren ostean iazko armagabetzea izan da prozesu honetako hurrengo mugarri adierazgarria. Apirilaren 8an zortzi puntutan jaso zituzten bakegileek ETAren armak, horietako bat Senpereko aintziran agertu zen. Handik kilometro gutxira, Senperen bertan Azkainerako bidean, Ibarrunen, elkartu gara Dabid Gramontekin (1973, Basusarri). 2009. eta 2010. urteetan, ezker abertzalean ziklo aldaketaren inguruko lehen urratsak izan zirenean, «zalantza asko» izan zituela dio. Irekitzen den garai berriaz «aldaketa sakona» izango dela uste du, baina «helburuak eta borrokak berdin» jarraituko dutela, «askatasuna lortu arte». Presoak eta kaltea Guztiek ere buruan dituzte oraindik espetxean edo erbestean diren militanteak, «indar osoz, askatasun osoz, demokrazia osoz aurrera egin ahal izateko gurekin egon behar dira kalean, etxean», dio San Vicentek. ETAk eragindako kalteaz argitaratu berri duen agiria dute hizpide Uriartek eta Aizpuruak, lehenak «egokia» iruditu zaiola esateko, «amaiera normalizatu bat eskatzen zuten eta horretan ari da eta halere beti ari dira eskean ‘gehiago’... zer da ‘gehiago’?». Aizpuruak azken agirian ETAk berak hizpide dituenak azpimarratu dizkigu, «egin ditu akatsak, gogorrak batzuk, baina berak esan ditu zein egin dituen. Egin dituen kalteak, oro har, horiek ere aitortu ditu». Kezkak eta esperantzak Aurrera begirakoan ez da etsipenik ageri; kezkatik gehiago dute, ordea, batzuek eta esperantzatik besteek. «Gure ibilbidea Erakundeari lotuta izan dugunontzat gure bizitza izan da, gure eguneroko bizitza», dio Legorburuk irekitzen den aroarekiko «zalantza» aipatuz. Uste du «lotu behar ditugula iragan bat, oraina eta geroa». Amaiera sorrerarekin lotu du Alberdik, desio bat gehituz, «gerra bukatu eta ETA sortzerako egon zen hamabost urteko lozorro hori ez dadila egon, jendea piztu dadila eta kalean borrokan ari dadila». Uriarteren ustez, hasierako kezka eta gogo haiei heltzeko unea da, «orduan genituenekin jarraitu behar dugu, orain beste molde batez». Abian den ziklo berriarekiko esperantza hitzak Itziar Aizpuruak: «Nik nahiko nituzke 25 urte izan, ilusio handia edukiko nuke. Zergatik? Zerbait berria hasten delako, 65ean guretzat hasi zen bezala, orduan hasi ginen bezala orain hasten da beste ziklo bat, beste material edo gai batzuk eskuetan ditugula». ESANAK «Historia idazteko lehian dabiltza, baina hitz egin beharko da biktima guztiez» IÑIGO ELIZEGI 1971, Goizueta «Intxorta magalean borrokatu zirenek guregan eragin zuzena izan zuten» ANE MIREN ALBERDI 1948, Elgeta «Sorreran genituen asmoak orain beste molde batez behar ditugu garatu» ELOY URIARTE 1941, Soraluze «Amaiera baino zerbait oso garrantzitsuaren hasiera izan daiteke» DABID GRAMONT 1973, Basusarri «ETAren agurrarekin gatazka amaitu dela diote batzuek eta hori ez da horrela» OIHANA SAN VICENTE 1976, Agurain «Zalantzak» dituela dio Legorburuk. Nolabait «iragana, oraina eta geroa lotzeko beharraz» mintzo da Aizpuruak berriz 25 urte izan nahiko lituzkeela dio, «65ean guretzat hasi zen moduan orain beste ziklo bat hasten delako» BIDEO-ERREPORTAJEA: Militante ohiak ETAren amaieraren aurrean: labur.eus/xENq9