Alaskako Jezebel mendian bide gogor berri bat zabaldu dute
Egileak Tom Livingstone galestarra eta Uisdean Hawthorn eskoziarra izan dira. 1.200 metroko eta 13 luzeko proposamen berriari «Fun of Fear» deitu diote, eta honako zailtasunak ditu: M6+, 90º eta AI6 R. Ekialdeko aurpegiko marra hori bi egunetan igo zuten.
Alaskako ohiko denboralditik lehen berriak iritsi zaizkigu. Horietako bat Tom Livingstone galestarrak eta Uisdean Hawthorn eskoziarrak eman digute. Bi alpinistok Revelation mendilerroan dagoen Jezebel mendiaren (2.880 m) ekialdeko aurpegian proposamen gogor bat sortu berri dute.
Iragan apirilean izan zen, eta bi alpinistok zabaldutako marrari “Fun of Fear” izena jarri diote. Izenari erreparatzen badiogu, protagonistok ez dute batere garbi uzten dibertitu diren ala beldurra pasa ote duten. Eta hori diogu 1.200 metro eta 13 luze dituen bide horrek honako zailtasun teknikoak dituelako: M6+, 90° eta AI6. Gainera, R-a jarri diote; hots, arrisku handiko eskalada egin dute.
Argi eta garbi geratzen da bederen bai mistoan bai izotzean goi mailako jarduera egin dutela. “Fun or Fear” igo ahal izateko bi egun behar izan zituzten. Apirilaren 6an hasi zuten; hain zuzen ere, lehen urratsak 2005. urtean Pete Graham-ek eta Ben Silvestrek aurpegi horretan irekitako lehen bidearen ezkerretik egin zituzten.
Lehen eskalada egunean zailtasun tekniko gogorrenei egin behar izan zieten aurre. Hain justu, bidearen giltza jardun horretan gainditu zuten: «Kristoren izua pasa genuen. Luze hori tentea izateaz gain, izotza ez zegoen arrokan itsatsita. Hainbat zentimetroko tartea zegoen; tipularen azala zirudien!».
Bibaka egin eta gero, biharamunean, eguerdiko 12.30ean, gailurra egin zuten.
Alta, Jezebel mendiaren ekialdeko aurpegian zabaldutako bide tekniko gogor horri ekin baino lehen, lerrootako protagonistok beste jarduera batean buru-belarri jardun zuten. Hain zuzen ere, mendiaren ipar horman: «Proposamen berri bat sortzen saiatu ginen. 350 metro eskalatu ondoren, tximinia bat genuen aurrez aurre. Egoera harrigarria zen, goialdetik spindrift edo elur hauts erauntsien mende geundelako, eta une batean tximinia elurrarekin blokeatuta zegoelako. Lehen bi luzeak diorita beltza berezian eskalatu genituen; bitxia zen baina, era berean, trinkoa. 60 metro gorago, berriz, azukre moduko elurrarekin egin genuen topo. Handik igarotzea ezinezkoa zen. Tunel bat egiten ere saiatu ginen. Gainera, tximiniaren goialdean elurrezko perretxiko batek bidea blokeatzen zuen. Atzera egitea egokiena zen, baina rapelatzeko tresneria gutxi genuen. Alabaina, paretaren oinarrira onik heldu ginen».
Saioa, beraz, ezerezean geratu zen, baina Livingstonek eta Hawthornek argi zuten ez zutela Alaskatik esku hutsik itzuli nahi: «Jezebel mendiaren ipar aurpegian ez daude agerikoak zein seguruak diren beste marra batzuk. Horren ondorioz, ekialdeko horma aztertzera abiatu ginen. Jakin bagenekien geure kide Pete eta Ben-ek marra berria zabaldu zutela; aurpegi horretako lehena. Eta adierazi ziguten hormatzar horrek balizko bide eder gehiago eskaintzen zituela. Pareta ondo baino hobeto begiratu ondoren, geure helburua aukeratu genuen».
«Fun or Fear»
Alpinistok mendiaren ipar aurpegian eginiko saioaren ondoren, kanpaleku nagusian atseden hartzen izan ziren. Hurrengo egunetan eguraldiak hobera egin zuen, eta protagonistok martxan jartzea erabaki zuten: «Dendatik goizeko hiruretan irteteko asmoa genuen, baina elurra ari zuen. Gogotik, gainera. Egoera horrek egun osoa ezer egin gabe egotera behartu gintuen. Biharamunean, iratzargailuak berriro goizeko hiruretan jo zuen. Zorionez, izarrek egundoko erakustaldia egin zuten. Martxan ginen. Hiru ordu beranduago, errimaia gainditu eta horman sartu ginen».
Sokada galestar-eskoziarrak hasiera-hasieratik lan eskerga egin behar izan zuen. 30 metroko lehen luzean 85°ko aldatsari egin zioten aurre. Elurraren baldintzak ez ziren batere onak, baina, bederen, oso hurbil egoera ona zuten bi korridore ikusi zituzten: «Lehen luze hori eskalatuta, pareta tente jarri zen. Zoritxarrez, azukre moduko elur hori ezin genuen gainetik kendu. Tarte horiek saihestu ahal izateko, ezkerraldera jo eta arrokara heldu ginen. Mantso gindoazen. Goialdean sabai bat ikusten zen, baina hara heltzeko korridore egokiak ikusten ziren. Sabaia inguratzeko pronto ginela, Uesdianek ezusteko ederra izan zuen. Oinen azpian zuen elurra amildu eta bi pioletetatik zintzilik geratu zen. Izotzaren kontra kolpe gogorra hartu zuen, baina min hartu gabe».
Ezbehar horrek ez zituen kikildu, eta bi alpinistok eskaladarekin aurrera egin zuten. Hurrengo bi luzeak ez ziren batere zailak, eta aise gainditu zituzten. Baina, zoritxarrez, elurraren baldintzak ez ziren hobetu, eta arriskuaren mamua gainean zuten.
Pixkaka-pixkaka, proposamen berriari forma ematen ari ziren, baina oraindik luze gogor batzuk eskalatu behar izan zituzten: «Tomek tximinia tente bati egin zion aurre. Zalantzarik gabe, lan gogorra egin zuen, besteak beste, elur asko zuelako. Garbiketa lan horiek egiteaz gain, sekzio tekniko eder batzuk eskalatzeko aukera izan zuen. Zati desatsegin batzuk igo ondoren, korridoreak azaldu eta lasaitu egiten ginen. Baina Tomek, sokaren ardura hartu zuenez, aurrean zuen guztia deszifratzen jardun zuen. Bere hirugarren luzean izotzezko horma bat zuen. Erakargarria zirudien, baina han sartu zenean ohartu zen izotz geruza oso-oso mehea zela. Eta hori gutxi ez, eta izotza ez zegoen erabat itsatsita arrokan. Egoera gordin hori ikusita, Tom-ek eskuinaldera jo zuen. Baina hura ere ezin izan zuen gainditu. Oso burugogorra denez, beldur handia ematen zuen izotzezko sekzio batean sartu zen. Izotzak kraska egiten zuen; bazirudien erabat usteldua zegoela. Zorionez, metro batzuk eskalatu eta izotzaren egoerak hobera egin zuen. Hari esker, torlojuak sartzeko aukera izan zuen».
150 metroko elur aldatsak igo eta gero, ezkerraldean ikusi zuten tximinia batean sartu ziren. Erabaki ona hartu zuten; izan ere, izotzaren kalitatea ezin hobea zen. Egoera berriarekin pozik ziren: «Tximinia hori eskalatzen ari ginen bitartean, ohartu ginen eskalatutako luze guztiak zailak eta arriskutsuak izan zirela. Tximinia horretan, berriz, oso eroso geunden; torlojuak jartzeko aukera izan genuen! Ezusteko ederra izan zenez, luze horri ‘The Gift’ deitu genion».
Hainbat orduz eskalada alpinoan jardun ondoren, bibaka antolatu zuten. Biharamunean, lepora iristen ari zirela, Pete eta Ben-ek han utzitako bilera bat ikusi zuten. Arazorik gabe eskalatu zituzten ipar-ekialdeko gailurrera heltzeko azken metroak: «Jaitsiera mendebaldeko aurpegitik egitea erabaki genuen. Hori bai, arazo bat baino gehiago izan genuen. Une jakin batean blokeatuta geunden. Tarte hura saihesteko, luze batzuk eskalatu behar izan genituen. Baldintzak ez ziren onak, eguzkia izotza urtzen ari zelako. Alabaina, izotz onarekin ere egin genuen topo. Horren ondoren, hainbat rapel egin, ezusteko bat baino gehiago pasatu eta, azkenik, eskiak utzi genituen lekura heldu ginen. Kanpalekuan, berriz, proposamen berria sortzea lortu izana ospatu genuen».