GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Adimen naturala


Makina bat aldiz ikusiko nuen, baina gaur arte ez diot erreparatu. Musika aditzen lasai-lasai noala, aitzinean auto eta kamioi pilaketa itzela topatu dut. Aitzinerago, sei ate, horietako bitan kontrola eta bertze bitan despistatu mitikoa, «Via-T»rik gabe «Via-T»n sartua. Eta hara non irakurtzen dudan: «Bidesaria». A ze oparia!

Badira zentzurik gabeko hitzak, eta badira zentzu handikoak baina erabiliaren erabiliaz husten ari direnak: «Ekimen parte-hartzaile». Behin eta berriz segidan jartzen den kanta batekin gertatzen den bezala; hasieran hunkitzen zaitu, gero askatzen zara indar guztiarekin kantari, baina azkenean CDa aldatu beharrean zaude.

Badira hitz ahantziak, mututuak (euskaldunok badakigu zerbait honetaz), aspaldi aditu gabeak, entzun nahi ditugunak. Badira pertsona bati lotuak: «Bixkondoa». Badira lehenbiziko aldiz erraten ditugunak, eztia edo gatza sentituz zintzurrean. Eta badira zinez erran nahi ditugunak.

Letrez ari naiz, baina ez ote dira zenbakiak inguratzen gaituztenak? Ez ote gara gu ere 01010111001 hutsak? Elkar konektatutako datu multzo infinitu, hala irudika daiteke mundua. Noren esku? Beldurra, kontrola, aurrerabidea. Ala atzerabiderik gabeko autopista. Adimen artifizialaz aunitz solas egiten da azkenaldian, gure etxeetan sartu baitzaigu (ia) atea jo gabe (baina ez etxe guztietan, eta hori ere kontuan hartu behar dugu). Adimen artifiziala bai, baina adimen naturala iraindu gabe. Ez dut onartuko tuntuntzat hartzea halako hitzekin: «Bidesari adimenduna». Arranopola!