Izeta eta Urruzuno izan dira jardunaldiko onenak
Izeta IV.a eta Inhar Urruzuno izan dira Binakako Urrezko harri-jasotzeko jardunaldiko onenak. Bikote hau Berrizen aritu zen herenegun eguerdian, eta herenegun arratsaldean Leitzan jardun zuten Aimar Galarragak eta Xabier Aranburuk baino marka hobea egin zuten.
Saio bakoitzean, bikoteko harri-jasotzaile batek 163ko zilindro zaharra jaso behar izaten du, eta besteak, berriz, 113ko kubikoa. Harri horiekin aritzeko bakoitzak hiru minutuko txanda bat izaten du. Gero, txanda librean, eta lau minutuko txanda batean, 100 kiloko bola erabili behar izaten dute.
Izeta IV.aren eta Urruzunoren saioan, zarauztarra izan zen zilindro zaharrarekin aritu zena, eta 5 jasoaldi eman zizkion. Ondarroakoa izan zen kubikoarekin aritu behar izan zuena, eta bikain aritu zen, harria bizkarrean 20 aldiz berdinduta.
Ondoren, txanda librean, lan oso ona egin zuten, eta guztira 59 jasoaldi lortu zituzten Izeta IV.ak eta Urruzunok. Denera, 84 jasoaldi lortu zituzten, eta 8.975 kilo jaso zituzten, marka oso ona eginez.
Aimar Galarragak eta Xabier Aranburuk Leitzako Amazabal pilotalekuan izan zuten euren jarduna. Kasu honetan, Galarraga izan zen zilindro zaharrarekin, harririk astunenarekin, alegia, lanean jardun zuena, eta lan ona egin zuen, guztira bederatzi aldiz berdindu baitzuen harria bizkarraren gainean.
Ondoren, Xabier Aranbururen txanda etorri zen. Urrestillan bizi den idiazabaldarrak 113ko kubikoa izan zuen aurrean, eta berari 18 jasoaldi eman zizkion hiru minutuko txandan. Honek ere lan ona egin zuen. Ondoren, eta saioa amaitzeko, 100 kiloko bola erabili behar izan zuten txanda librean, eta hor Galarragak eta Aranburuk 48 jasoaldi ematea lortu zuten. Denera, 75 jasoaldi lortu zituzten, eta 8.301 kilo bizkarreratu. Ezin izan zuten goizean Berrizeko plazan Izetak IV.ak eta Inhar Urruzunok egindako marka ondu, baina hauek egin zuten saioa ere oso ona izan zen, eta ikusleek ere horrela ulertu zuten, txalo artean agurtu baitzituzten euren lana amaitu zutenean.