19 MAY. 2018 sokatira Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketan denboraldiko lehen txapela banatuko da J.L. Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketako denboraldiko aurreneko txapela emango dute gaur Deban, 17.30ean, han jokatuko baita 680ko bigarren eta azkeneko jardunaldia. Gaztedi A, Gaztedi B, Gaztedi C, Mutriku, Getxo, Akelarre eta Goiherri taldeak arituko dira norgehiagoka. Lehen jardunaldia ikusi ostean, garbi dago Gaztedi A eta Goiherri izango direla txapelaren borroka horretan arituko direnak, eta Laukizkoek abantailarekin ekingo diote saioari. Hala ere, lehen jardunaldian berdinketa bat baino gehiago izan zen, eta azkeneko jardunaldi hau ere oso polita izango delakoan daude zaleak. Akelarre eta Gaztedi C talde mistoak dira, erdiak neskak eta beste erdiak mutilak, eta hori ere lehian izango dute, bi talde mistoen artean denboraldiko lehen saioa nola amaituko den ikusteko. Postu guztiak izango dira lehia handikoak, eta taldeek ere denboraldiari tamaina hartzen joateko oso ona izango da, hau hasi besterik ez baita egin, eta hemendik aurrera maila guztiak etorriko dira. Bizkaikoa Bizkaiko Txapelketak ere izango dira asteburu honetan, eta gaur bertan Arruazun izango da trontzalari mistoen txapelketa 13.00etan. Bertan parte hartuko duten bikoteak honako hauek izango dira: Enara Menoyo eta Kepa Arozena, Jon Legarreta eta Garazi Arruti, Pilar Rodriguez eta Xabier Erleaga, Uxue Ansorregi eta Mikel Agirre eta Iraide Geruzaga eta S.Erleaga. Bikote bakoitzak etzanda jarritako kana-erdiko bati hamar epai eman beharko dizkio. Harri-jasotzaileen lehiaketa ere jokatuko da, eta bertan, Asier Zubiaga, Inhar Urruzuno, Jon Gisasola eta Jon Scot neurtuko dira. Bakoitzak 113ko kubikoa eta 100eko bola erabili beharko ditu. Harri bakoitzarekin hiruna minutuko txandak izango dituzte. Ihar Urruzuno izango da faborito nagusia, eta berak ez irabaztea ezustea litzateke.