Jon LEUNDA
Harri-jasotzea

Finalean izateko, hutsik egiteko aukerarik ez dago

Hernialdeko pilotalekuan jokatuko da Urrezko saioko jardunaldia bihar eguerdian, 12.00etatik aurrera.Hiru bikote lehiatuko dira, hiru lan mota eginez, eta azkeneko saioan izateko aukerak izango dituzte.

Binakako Urrezko harri-jasotzaileek bihar izango dute lehia Hernialdeko pilotalekuan. 12.00etan hasita hiru bikote lehiatuko dira, eta bertatik ateratako emaitzek gauza asko argitu ditzakete edo, agian, dena nahastu.

Iban Ugartemendia eta Joseba Ostolatza, Xabier Peñagarikano eta Imanol Albizu eta Imanol Illarramedi eta Mikel Lopetegi izango dira lanean jardungo diren hiru bikoteak. Denek ere lan bera egin beharko dute. Hasteko, 163 kiloko zilindro zaharra erabili beharko du bikote bakoitzeko kide batek, eta ondoren, beste kideak, 113ko kubikoa. Hemen, txanda bakoitzak hiru minutukoak izango dira. Azkenik, 100 kiloko bola erabili beharko dute txanda librean, eta horretan lau minutuko txanda bat izango dute.

Lehiaketa honetan bikote bakoitzak bi itzuli egin behar izaten ditu, eta, oraingoz, egin beharreko guztiak eginda daudenen artean Izeta IV.a eta Urruzuno doaz lehen postuan; horiek denera 18.276 kilo dituzte bizkarreratuak.

Gipuzkoakoa

Gipuzkoako Bigarren Mailako aizkolarien Txapelketan, bigarren eta azkeneko kanporaketa jokatuko da bihar, 18.00etan, Aiako pilotalekuan. Bertan Eneko Otaño, Jexuxmari Mujika, Jon Irazu, Unai Otaegi eta Aitor Urteaga arituko dira. Horietako bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko ditu, eta aurreneko hiru sailkatuek lortuko dute finala jokatzeko txartela. Txapelketa honetako aurreneko saioa joan den igandean jokatu zen, eta Luix Txapartegi izan zen onena. Aizarnakoarekin batera, Aratz Mugertza eta Jokin Alkizalete sailkatu ziren.