GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Hanlonen labana Singapurreko atarian


Trump eta Kim-en arteko Singapurreko goi-bilera, egiten bada, pronostiko makurrenarekin egingo da. Eta pronostikoa betetzen bada, hau da, bilera aurreko egoera hobetu ordez txartuta geratzen bada, agian Hanlonen labana edo printzipioa gogoratu beharko dugu: Inoiz ez iezaiozu gaiztakeriari egotzi ergelkeriak ederki esplika dezakeena.

Ergelak, bi behintzat badirelako tartean. Eta bietako inork ez du Kim deitura. Ipar Koreako mandataria tentu handiz ari da jokatzen eskuan dituen kartak; eta gogotik landuta darama ekaineko aztergaia. Prestamen horietako bat izan da, zalantzarik gabe, Xi Jinping eta Kim Jong Unek duela 15 egun Dalianen egin zuten goi-bilera, azken 50 urte hauetan parekorik gabea, batzartu zirenen maila kontuan hartzen bada. Martxoan biek egin zutenaren jarraipena izango zen, noski, baina oraingoan, txinatarren aldetik, Xirekin batera, Wang Huning ere bertan izateak oso argi adierazten du zertaz hitz egin behar zuten. Ameriketako Estatu Batuez.

Ergel batzuen eskuetan diruditen AEBez. Singapurrera joateko lau aste falta zirenean John Bolton segurtasun-aholkularia «Libiako eredua» Ipar Koreara eramateaz ari zela aditu nuenean, pentsatu nuen ezinezkoa zela horren baboa izatea, eta gaiztakeriaren bat lantzen aritu behar zuela. Baina handik egun batzuetara Trumpek berak, beste saihets batetik bederen, ideia bera errepikatzen zuela ikusi nuenean, Occamen Labanaren irakurketa «murphytarra» hobetsi behar izan nuen. Esan ez ezik pentsatu egiten dute.

Arazoa ez da, beraz, Singapurreko goi-bilera erabat zapuztu dezakeen kirtenkeria hori esaten ari direla itxuraz haren arrakastan interesatuenak izan behar luketenek, baizik Trump eta abarrek pentsatu ere pentsatu egiten dutela, zinez, 2018ko Ipar Korea 2003ko Libia dela. Hau da, Kim Gaddafi balitz bezala joka dezaketela. Eta, bide batez, Ipar Korea nuklearrarekiko «tratua» mehatxu eta promesa iruzurtuen bidez onik burutu litekeela.

Bejondeiela. Eta jainkoek erruki gaitzatela.