GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Pribatutasunaren kontraesana


Azken hilabete honetan, batez ere, gure pribatutasunarekin lotutako posta elektroniko andana jaso dugu. Bihartik aurrera Europar Batasuneko Datuen Babeserako Araudi Orokor berria bete beharko delako iritsi dira. Mezu pila bat. Egia esan behar badut, ez nituen hainbeste mezu espero. Lagungarria izan da, nire kontaktua zenbat erakundetan banatua dagoen jakiteko. Eta kontrol falta sentitzeko: urteetako ibilbide digitalaren nolabaiteko argazki bat ere izan baita.

Bigarrenez, egia esan behar badut, ez dut mezu bat bera ere irakurri. Hori da pribatutasunaren paradoxa. Edota pribatutasunaren kontraesana: pribatutasuna zaintzeko nahia eta beharra adierazi eta defendatzearekin batera, ez dugula pribatutasuna zaintzeko ia neurririk hartzen. Pribatutasunari balioa ematen diogun une berean, jarreretan baliogabetu egiten dugula. Hala aipatzen da gai honen gainean egin diren ikerketa urrietako batean (The biggest lie on the internet: https://labur.eus/vlZ9W).

Ikerketan parte hartu zutenek testu luzeegiak direla argudiatzen dute. Ez direla motibagarriak. Eta batzuetan ulertzeko gai ere ez direla sentitzen (unibertsitateko Komunikazio ikasleak ziren). Eta funtsean, zerbitzu digital horiek erabiltzeko gogoak irabazten duela. Eta testu mugagabe horiek esperientzia digital desiratu horietara iristeko oztopo bat besterik ez direla.

Nabaria da ikerketa horrek errealitate orokor bat islatzen duela. Errealitate orokor baina gordin bat. Eta ongietorriak bitez erabiltzailearen pribatutasuna zaintzera datozen legeak, Europar Batasunekoa kasu. Baina lege honek berak agerian utzi du pribatutasun politikak ez ditugula irakurtzen, eta ez ditugula irakurriko. Eta hortaz, eta agian, formatuak berak zentzua galdu duela. Eta behar bat ere azaleratu du: norberaren pribatutasunaren kudeaketa benetan egingarri bilakatu behar dela. Datuen babeserako legeez harago, pribatutasuna guk geuk kudeatzeko bideak eta moduak pentsatu beharko liratekeela, alegia.

Bitartean, pribatutasunaren kontraesanarekin bizitzen jarraituko dugu.