Zegama, bere egun handirako prest
Igandean izango da Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren 17. ekitaldia. StianAngermund eta Maite Maiora iazko erakustaldia errepikatzen saiatuko dira.
Dena prest dute Zegaman igandean hamazazpigarren ekitaldia beteko duen Zegama-Aizkorri mendi maratoirako. Urte horietan ongi irabazitako ospeari eskerrak, aurten ere inskripzioak zortzi milatik gora izan omen dira, baina horietatik bostehun bakarrik izango dira, urteroko zozketaren ostean, igandean 9.00etan Zegamako plazatik irteera hartzeko aukera izango duten “zortedunak”.
Lasterketak ohiko ibilbideari eusten dio, datu beldurgarriak mantentzen dituena: 42,195 kilometro guztira eta 5.472 metroko desnibel positibo metatua. Gainera, badirudi datozen egunotan tarteka euria egin lezakeela Aizkorri inguruetan, eta tarte batzuk bereziki teknikoak izango dira aurtengoan ere.
Parte-hartzaileei dagokienez, iaz garaipena eta probako errekorra hobetzea lortu zuten bi korrikalariak irteeran egongo dira: Stian Angermund-Vik norvegiarra –3:45:08 eginda marka guztiak hautsi zituena– eta Maite Maiora mendaroarra –errekorra 4:34:27an utzi zuena–. Aurten ere garaipena errepikatzeko faboritoen artean izango dira, baina ez zaizkie goi-mailako aurkariak faltako, probak Skyrunner World Series zirkuiturako puntuagarria izaten jarraitzen duelako eta aurten gainera Golden Trail Series zirkuituan ere sartu delako lehen aldiz.
Gizonezkoetan egia da Zegaman erakustaldi apartak emandako lehiakide batzuk faltako direla. Denetan aipagarriena Kilian Jornet da, proba zortzi aldiz irabazi duen katalana, eta Marco de Gasperi, Jokin Lizeaga edo Zaid Ait Maiek bezalako korrikalariak ere ez dira irteeran izango arrazoi desberdinak direla medio. Egongo direnen artean, Aritz Egea eta Julen Larruzea euskaldunak aipatu behar, eta hainbat atzerritar: Marc Lauenstein, Thiibaut Baronian, Ruy Ueda, Pascal Egil, Kirol Nikolov, Max King, Sage Canaday...
Emakumezkoetan, Yngvild, Kaspersen, Emelie Forsberg, Oihana Azkorbebeitia, Silvia Rampazzo, Megan Kimmel, Ida Nilsson, Holly Page eta Mira Rai izango dira Maioraren aurkari nagusiak, adituek egunotan aipatu dutenez.
Bihar, Kilometro Bertikala
Ikuskizuna, ordea, bihar 16.00etan hasiko da Kilometro Bertikalaren laugarren ekitaldiarekin. Arriaundi eta Iraule artean 1.015 metroko desnibelari egin beharko diote aurre hiru kilometro eskasean parte hartuko duten 250 korrikalariek.
Eta igandean bertan, 10.30ean hasita, gazteentzako Junior Trail delakoaren zazpigarren ekitaldia izango da hamar kilometroko ibilbidearekin.