Maider Eizmendi
Kazetaria
IKUSMIRA

«Bai, baina...», «esan nuen, baina...»

Ez zegoen atzera bueltarik. Amonari bisitan joango zinela agindu bazenion, joan egin behar zenuen. «Bai, baina...», nik. «Hala esan zenion...». Kito! Hor bukatzen zen elkarrizketa. Orduan, izan ere, ez zen gaur adina azalpen ematen. «Zergatik?» galdetu eta sarri «hargatik» ernegagarri bezain argigarriarekin amaitzen ziren hizketaldiak.

Akordatzen naiz, aita ospitalean, eta bi egunez behin joaten nintzela bisitan eta joaten ez nintzen egunetan telefonoz deitzen geniola amonaren etxetik. Ez nuen telefonoz aritu nahi izaten. Amonak patxadatsu hartu eta esan zidan zenbaitetan hain gustuko ez ditugun gauzak egin behar izaten direla, batez ere egingo ditugula promes egin baldin badugu. Ez dut hitzez hitz gogoratzen azalpena, baina sinesgarritasuna, jatortasuna eta nik ez dakit beste zenbat «-tasun» aipatu zizkidan.

Urteak pasa eta behin baino gehiagotan ez dut emandako hitza bete, baina huts egin dudan bakoitzean akordatu naiz pasadizo hartaz. Aste honetan ere gogoratu dut. Nola ez. Hitza eman eta hura ez betetzearen adibide argi-argia izan dugu EAJ eta aurrekontuen harira. Katalunian 155. artikulua indargabetu arte ez zietela PPren aurrekontuei balekoa emango hitzeman zuen, eta bere zenbait alderdikide gainera Kataluniako prozesuaren bermerik handienak balira bezala agertu zen. 155. artikulua indarrean dago eta EAJk PPren Gobernua sostengatu du, aurrekontuak onartuz. Hasi da baten bat «bai, baina...», «esan nuen, baina...» esaten, ni «tasun» haiekin akordatu naiz: sinesgarritasuna, jatortasuna, zintzotasuna...