APARTEKO JAI BATEAN, LARRIALDI DEIA: «EUSKARAREN EZAGUTZA JAITSI EGIN DA»
BIHOTZ GAZTEA IKASTOLA POZARREN GELDITU DA IBILALDIAREKIN. HAINBAT ERRONKA EZARRI ZITUEN, ETA GUZTIAK BETE DITU. EUSKARA SANTURTZIKO KALEETARA ERAMATEA ZUEN XEDE NAGUSI, ETA, MILAKA LAGUNEN BABESARI ESKER, EGUN BATEZ EUSKARAREN BOZGORAILU IZATEA LORTU DU. IZAN DADILA ZABALTZEKO ABIAPUNTUA!
Ederra izan zen atzo Santurtzin “Taup!” leloarekin egin zen Ibilaldia. Milaka eta milaka herritarrek babestu zuten Bizkaiko ikastolen jaia eta giro aparta sortu zen. Ibilaldiko eta Bihotz Gaztea ikastolako ordezkariek eskatu bezala, gainera, garraio publikoa aukeratu zuten kanpotik hurbildu ziren gehienek.
Jaia 09.30ean hasi zen, Bihotz Gaztea ikastolaren egoitzako ekitaldiarekin. Ordutik aurrera taup-taup zabaldu zen Ezkerraldeko herrian barna euskararen eta ikastolen aldeko gogo eta ilusioa. Ia bost kilometroko ibilbide urbanoan, lau gune ireki zituzten, denetariko proposamenekin, tartean gazteei zuzendutako Erronka.
Lehenbiziko gunea, ikastolaren ondoko Mirabueno Parkean, haur eta familiei eskainita zegoen. Jendez eta alaitasunez bete zen. Ume zein helduak gustura zebiltzan koreografiak asmatzen, aske dantzan, musikarekin garai ezberdinetara bidaiatuz. Besteak, puzgarrietan salto eta salto. Markina-Xemeingo Eider eta Joxean, bi alaba eta lagunekin eskulanak egiten zebiltzan, bihotz formako logoa osatzen. Betidanik parte hartu dute ikastolen aldeko jaietan, eta duela zazpi urte alaba zaharrena jaio zenetik majo aldatu zaie plana. «Lehen zirkuitua egiten genuen, baina orain haurren gunean egoten gara egun osoan!», aitortu zuten irribarrez. Erantsi zuten eurak ohituta daudela euskal giroan bizitzen, baina hemen egoera bestelakoa dela eta gehiago lagundu behar dela.
Handik itsaso aldera hartuta, Busti (Nautikan) eta Gozatu (Portuan) guneetara iritsi ginen. Azken horretan Ondarroatik ekarritako 300 sardina kilo erre zituzten Javier Olano eta beste hainbat santurtziarrek. Bazkaltzera gonbidatzeaz gain, plater honen sekretua kontatu ziguten: «Arrainaren tamaina, gatza ondo ematea, paila [“parrilla” bertako euskaran] bero edukitzea, eta patxadaz eta mimoz erretzea. Arrainaren begiak zuri daudenean eman behar zaio buelta. Ez da erraza».
Agertu zuten gero eta arrantza gutxiago egiten dela, baina kofradia hortxe dago eta, lehen zuzenean saltzen zen arren, orain lau postu daude. Kanpoan azken sardinera bat gelditzen da eta egunero saltzen dute.
Alkohol gehiegi
Laugarren eta azken gunera iristeko, herrigunean sartu ginen berriro. Bidean, kolore arraroetako likidoz betetako botilak zeramatzaten makina bat gaztetxo topatzeak gogoa ilundu zigun. Alkoholaren gehiegizko kontsumoaren aurrean prebentzio lana egiten ari dira Sasoia Durangoko enpresakoak, Lakuak sustatutako proiektu batean. Familiei eskainitako gunean zein gazteak zebiltzan portuan, bietan eman zuten informazioa eta laguntza. Portuan, batez ere 16-17 urteko gaztetxoak hurbildu zitzaizkien, gehienak alkohola edanda. Standaz gain, talde txiki batzuk ere ibili ziren kuadrillekin lanean. «Eurekin esertzen gara eta, edatea erabakitzen duten gazteen kasuan, arriskuak murrizten saiatzen gara». 12.00etatik 16.00etara egon ziren eta janaria eta ura eman zizkieten gaztetxoei.
Ume txikiak dituzten gurasoek ez dute kezka hori bizi oraindik, baina nerabezarora ailegatuko dira eta inportantea da aurretik familiekin prebentzio lana egitea, familion begiradak eragina baitu nerabeengan, Sasoiakoek esplikatu zigutenez. Ibilaldian hasitako kanpaina hau uda osora luzatuko da. Herriz herri ibiliko dira.
Irekiera ekitaldia
Ekitaldi instituzionalean, alarma deia egin zuen Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak. EAEko hezkuntza lege berriak murgiltze eredua ezarri behar duela aldarrikatu zuen, eta gaur egungo hizkuntza ereduek ez dutela euskalduntzen eta euskararen ezagutza mailak behera egin duela ohartarazi.
Halaber, mahai gainean dagoen eskola inklusiboaren aldeko herri ekimen legegilearen gainean mintzatu zen. Adierazi zuen ikastolek argi dutela atzerriko jatorria duten ikasleen eskolatzea herri apustu bat dela eta ikastolek ere konpromisoa bete nahi dutela agertu zuen.
Ibilaldia Kultur Elkarteko lehendakari Josune Bañalesek ikastoletan ematen ari den hezkuntza eraldaketa izan zuen hizpide. EKI proiektua, Haur Hezkuntzako marko pedagogiko berria eta Batxilergoan eta Lanbide Heziketan egiten ari diren lana aipatu zituen.
Dorretxean, omenaldia egin zieten derrigorrezko ibilbide akademikoa ikastolan bete zuen lehen belaunaldiko gurasoei, eta Lekeitioko Azkue ikastolari lekukoa pasatu zioten, heldu den Ibilaldia prestatzeko.