29 MAY. 2018 IKUSMIRA Nostalgia usainarekin (II) Nagore Belastegi Kazetaria Sei hilabete pasatu dira ikastolaren urteurrenaren harira bazkaria egingo genuela iragarri zigutenetik, eta Ikusmira honen lehen zatia idatzi nuenetik. Aipatzen nuen badirela sekula aldatzen ez diren gauzak, eta horietako bat da goizean gertatu zen egoera: mutilak alde batetik eta neskak bestetik. Oroigarri gisa atera genuen argazkian ere banaketa hori nabari da. Zorionez bazkariko mahaien formagatik parean nor izango genuen aukeratzea ez zen erraza, eta gehienok gure konfort gunetik atera behar izan genuen. Alboan nituen betidanik lagunak izan ditudan I. eta G., eta parean 2 urte nituela nire «nobioa» izan zena, H., egun batean ilea txukuntzen ari zela flekilloa moztu zidana. Eskuinera, nerabezaroan lagun min bilakatu zen hura, U., egun ezkontzeko zorian dagoena, eta aurrerago sei urtetan nirekin ametsak konpartitu zuen hori, M. Zoragarria izan zen ni hain «benetako ni» ez nintzen garai haiek gogora ekartzea, eta konprobatzea nola garai hartan ia harremanik ez nuen horiekin egun primeran konpondu naitekeela. Zoragarria, beste kurtsoetako jendearekin konparatzea eta zein gazte mantentzen garen ikustea, besteek ere gurekin konparatuta berdina pentsatuko badute ere. Txupitoa, gin-tonika, garagardoa, eta enteratu naiz halako beste topaketa bat prestatzen hasi zela taldetxo bat, albora utzi genituen kintadei berriz ekiteko asmoz. Orain bai, uste dut gainditu ditudala beldurrak, eta gelako lotsatiaren etiketa bizitza osoan garraiatu behar izan duen batentzat ez da erraza. Esan nuen aurrekoan ere, ni asko aldatu naiz baina gauza batzuk ez dira sekula aldatzen… eta batzuetan hori ere onerako izan daiteke.