Gure historia geuk kontatzeko beharra
Artelan sotil baina mamitsu eta oso esanguratsuen artean kokatuko nuke nik “Bizimiñak” ikuskizuna, apaltasun formalez mezu ausarta, gogorra zein iraunkorra helarazten duten horietakoa baitugu. Estetikoki, arte diziplina nahasketagatik eta proiekzioen erabileragatik Metrokoadrokaren zein Rouge Elearen antzerkiaren oihartzuna aurkitzen dugun arren, gaiagatik “Zazpi senideko” antzezlanarekin zerikusi zuzena du. “Bizimiñak”-en Dani Irazokiren zuzeneko musika eta Maddi Irazokiren marrazkiak entzun eta garatzen ikustearekin batera, bi aktoreen arteko hizketaldiek (Maddi Irazoki eta Itziar Elias) estrategia armatuek denon baitan sorturiko minez hitz egingo digute. Monterrosoren “Ardi beltza” mikroipuinak ematen dio hasiera ikuskizunari; ondoren, boxeo ringa balitz bezala hari gorri batez mugatzen duten antzezlekuan amonaren irakaspenak zabaltzen ditu aktore batek, gaizkiaren kontrako kutun gisa.
Hortik aurrera testigantza anonimo baina identifikagarriak aletzen dira grabagailu batetik. ETAk mehatxatuaren semea mintzo zaigun eran, ETAko kide baten alabari adituko diogu. Ume eta nerabe izaki, horiek mina nola bizi zuten deskribatu ez ezik, ETAko kide izandako baten gogoeta ere ekartzen digu Itzal taldeak puzzle antzera. Artista hauen ustetan, «zauria pixkanaka sendatuko da, baina zauriak utzitako orbaina erakutsi beharra dago». Oholtzako edozein gainalde proiekzio gune moduan erabiltzen dutela, errealitate literala ekartzen digute akordura akasgabeko oreka erabiliz: presoen aldeko manifestazio erraldoien irudien aldean, milaka ahur zurienak esate baterako. «Bizimin» hitzaren adiera bikoitzaren antzera “Bizimiñak” txikitasunean handia, biluztasunean jantzia, xumetasunean ikusteko ezinbestekoa da, batez ere gure historia guk geuk kontatzen ez dakigula esaten dutenentzat.