06 JUN. 2018 Erremontea Alez ale, belaunaldi aldaketak ez du etenik izan Josu Arruarte eta Eloy Garciaren debutekin, 15 dira 26 urtera heltzen ez diren erremontista profesionalak. Jon ORMAZABAL Koteto Ezkurra, Urriza, Uterga eta Barrenetxea dira, ezbairik gabe, gaur egungo erremonteko izar handiak, baina kirol hau bere biziraupenaren alde bizitzen ari den etengabeko borrokan, gaur egungo txapeldun horiei erreleboa hartuko dieten pilotari berriak behar-beharrezkoak ditu. Bide zail horretan, berri onak izan ditugu azkenaldian, Oriamendirekin bi pilotari berrik, Josu Arruartek eta Eloy Garciak debuta egin dutelako eta, zenbait urtez desagertuta egon ondoren, enpresak Promozio mailako txapelketa berreskuratu baitu, sei bikoterekin. Inork ezin du, ordea, berehalako loratze batekin amestu eta Euskal Herrian inoiz erremonteak dirurik emango duela pentsatzeak ere zaila dirudi, baina nolabaiteko etorkizunerako oinarriak ezartzen ari direla igar liteke eta hori, arazoak arazo, ez da gutxi. Izan ere, nolabaiteko erreferentzia bat bilatze aldera, Endika Barrenetxea atzelaria izan daiteke gaur egungo eta etorkizuneko izarren arteko zubi lana egitera deitua dagoen erremontista eta 15 dira bere 27 urteetatik behera dauden erremontista profesionalak. Gertuko erreferentzia bat jartzearren, palaren ardura daraman Innpalaren koadroa 10 palistek osatzen dute. Bide desberdinak Profesionaletara jauzia eman duten azken bi erremontistek, gainera, kirol honetara heltzeko dauden bi bide arras desberdinak oso ondo islatzen dituzte. Euskal Herriko oso gune zehatzetan du indarra erremonteak eta, dudarik gabe, Doneztebe da indargune nagusietako bat. Hango eskolan eman zituen lehen pausoak Eloy Garcia aurrelariak 2013an eta 18 urterekin heldu zaio jauzia emateko aukera, azken urteetan Erremonte Fundazioak duen Goi Errendimenduko Eskolan ere zenbait urtez aritu ostean. Bost urte zaharragoa da Josu Arruarte urnietarra, baina bere kasuan askoz laburragoa da kirol honetan daraman denbora. Orain hiru urte arte eskubaloia zen bere kirola eta hegaleko postuetan aritzen zen Urnietako taldean. Nola egin zuen, bada, erremonterako jauzia? «Imanol Ansaren kuadrillakoa naiz eta berak animatuta hasi nintzen. Berak debutatu zuenean sartu zitzaidan erremontearen harra», azaldu zuen berriki Arruartek. Halere, beste asko bezala, esku pilotan ere aritua zen eta horrek asko lagundu zion kantxan jartzeko orduan. Hortxe izan dezake erremonteak beste harrobi bat, 14-15 urterekin eskuko arazoengatik edo ezkerra makalxeagoa dutelako esku pilota uzten duten gazte ugarien artean. Horrexegatik, apirilean Galarretan egindako ate irekietako bi jardunaldien ostean, gure herrietako pilota eskoletara erremontea gerturatzeko saiakera egingo dute Oriamendi enpresakoek, erremontearen kateak hurrengo begirik izan dezan. Madrilen ostean, Gasteizko Ogeta Pilotari berriez gain, plaza berri gehiago ere behar ditu erremonteak eta asmo horrekin antolatu dute Nazioarteko Zirkuitua, Euskal Herriko lurralde guztietan jaialdiak antolatzeaz gain –aurten lehen aldiz Lapurdin izango dira– espainiar Estatuko eta Kataluniako pilotalekuetan jaialdiak eskainiz. Santanderren ekin zitzaion zirkuitu honi eta joan den asteburuan Madrilen jokatu zen bigarren jardunaldia. Uterga-Azpiroz izan ziren espainiar hiriburuko probako irabazleak, jokatutako bi partidetan nagusi irten baitziren, 20-13 Urriza-Etxeberria III.aren aurka eta 20-18 Ezkurra II.a-Ionen aurrean. Emaitza hauen ostean, Uterga eta Barrenetxea IV.a dira aurrelari eta atzelaririk onenak. Baina zerura begiratuta bestelakorik eman dezakeen arren, uda sasoi betean sartuta, txapelketak ez du etenik eta larunbat honetan bertan Gasteizko Ogeta pilotalekuan jokatuko da Zirkuitu honetako hurrengo jardunaldia. J.O. BIDE UGARI Eloy Garcia eta Josu Arruarte, profesional bihurtutako azken bi profesionalek, erremontera heltzeko bide desberdinak egin dituzte; lehena txikitatik aritu zen Doneztebeko eskolan; urnietarra eskubaloitik dator.