GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Ibilaldiaren kontrakronika


Gaztetxo kuadrilla bat Ibilaldirako bidean. Autobusez, Santurtzira. Amak deitu dio bati; bai, aterkia hartu duela; bai, joateko Bilbora bila, irribarrez, ez uzteko han botata. Moztutakoan, lagunei, «¿por qué es buena persona? Me siento mal. Tengo un mal presentimiento». “Ikusi mendizaleak” kantari hasi dira. «Yo siento a Euskal Herria», batek, hunkituta. «¿Sí? A mí no me dice nada», bertzeak.

Hala lurreratu naiz, gaztetxo nintzeneko denborak gogoan, gaztetxo artean nahasia koadernoa eskuan, ikastolen aldeko bestan. Kafe bat animatzeko eta buelta ematen hasi naiz, bakarrik. Lehenbiziko gunean, ume eta familienean, solaserako talde jator bat topatu eta gustura egon naiz. Ongi pasatzen ikusi dut jendea, bereziki puzgarri eta bertzelako jolasetan dena ematen duten ttikiak. Arreta eman dit han alkoholaren gehiegizko kontsumoaren prebentziorako postu bat ikusteak. Hurbildu eta Durangoko Sasoia enpresakoak ezagutu ditut. Berehala ulertu dut; ttiki-ttikitatik hasi behar da lanketa, familiekin; haur horiek konturatu orduko izanen dira nerabe.

Portuko gunean, argazkiak egiteari utzi diot. Ohe elastikoetan saltoka ari diren horiek baino urte gutti gehiago izanen dituzten lagun pila bat ikusi dut gaizki. Bazkalordurako zutik ezin ibili, zuri-zuri, kolore arraroetako likidoak poltsetan, eta sabelean, eta aunitz, gehienbat neskak, negarrez. Barrenak nahasi zaizkit niri ere, badakit kontu zaharra dela, baina ez du kultura sano bat islatzen, (alkoholik) edaten ez duena edo gutti edaten duena seinalatzen duen kultura baten isla da.