Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JO PUNTUA

Ekonomia kolaboratiboaren negozio-ereduaz

Deliveroo plataformaren kontrako lehen sententzia atera da Estatu espainiarrean: bere langileak autonomo gisa tratatzea legea urratzea dela dio (https://labur.eus/I7W66). Deliverooko rider-ak dira: jatetxeetako janaria bezeroa dagoen lekura eramaten dutenak.

Epaian argi azaltzen da Deliverooko «autonomo faltsuek» duten autonomia falta. Euren bizikleta, smartphonea eta datu konexio propioa erabili behar dituzte. Eta erantzukizun zibileko aseguru bat izatea gomendatzen die. Deliverook, besteak beste, bizkarrean eramateko motxila korporatibo bat uzten die, janaria eramateko. Deliverook erabakitzen du rider bakoitzak hiriko zein zonatan egingo dituen banaketak. Eta eskarien zain zein puntu zehatzetan egon behar duten (hara itzuli behar dute banaketa bat bukatu orduko). GPS bidez une oro kontrolatuta daude. Banaketen denborak neurtzen dizkiete. Jatetxean eta bezeroekin izan behar duten jarrera argitzen zaie. Ordutegietan aukeraketa batzuk egin ditzaketen arren, Deliverook zehazten du noiz behar diren rider-en zerbitzuak. Batek txanda aldaketa nahi izanez gero, txanda aldatuko dion rider bat bilatu behar du. Eta Deliverook onartu behar du aldaketa. Deliverook ezartzen du zerbitzuen prezioa. Deliverook erabakitzen du dena. Baita rider-ak Langile Autonomoen Araubide Berezian altan emanda egon behar dutela ere.

Negozio-eredu hau harremanen merkantilizazioan oinarritzen da, non dena den salgarria (denbora ere bai). Eta bi abiadurako ekonomian sakontzen du: non ustez baliorik ez duten lanak egiteko prest dauden pertsonak egongo diren, hirugarrengoen zerbitzura. Lan-baldintza duinen eta langileen eskubideen deuseztatzean oinarritzen baita, hain zuzen, «kolaboratiboa» deitu duten ekonomia.

Ez da Deliveroo hau egiten duen enpresa bakarra (Amazon, Uber...). Eta sententzia honek negozio-eredu honi mugak jartzeko abiapuntua izan behar luke.