GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Ni ez naiz igandeko giza katera joango


Berandu izan daiteke agian. Beranduegi, akaso, kontuan hartzen badugu ordu gutxi batzuk baino ez direla falta askok egutegian markatuta daukazuen data hori iristeko. Barkatuko didazue, baina iruditu zait, berandu samar nabilela jakinda ere, jakinarazi behar dizuedan zera kontatzeko tartetxo hau baliatzea dela egokiena. Luzamendutan ibili gabe diotsuet ez naizela igande honetan, etzi, Gure Esku Dagok egingo duen giza katera joango.

Ez da gauza berria. 2014ko ekainaren 8an Durango eta Iruñea batu zituen hartan ez nintzen egon eta igandean ere ez naiz Donostia eta Gasteiz artean osatuko den 200 kilometro baino gehiagoko katearen katebegi izango. Hilabete luzez, herriz herri eta auzoz auzo, Gure Esku Dagok lan eskerga egin du oraingoa ere arrakastatsua izan dadin. Herri gisa halako energia txute kolektibo baten beharrean gaudelakoan nago, gainera.

Herritarren nahiari 155 ate jarri nahi dizkioten gobernu zahar-berrien aurrean, ireki ditzagun 2019 leiho. Erakuts dezagun –batez ere geure buruari erakuts diezaiogun– hitza eta erabakia geureak direla, ez beste inorenak.

Hasieran esan bezala, oraingoan ere kale egingo dut nik. Zergatik? NAIZen bitartez egunak ematen duenaren berri ahalik eta ondoen kontatzen saiatuko garelako. Horixe izango da gure ekarpen xumea.

Baina enkargu bat uzten dizut. Bai, zuri: eguerdia iristearekin batera, heldu gogor ondoan dituzunen eskuak, itxi begiak eta, irri bat ahoan, sinetsi baietz, batera edozer dugula posible.