13 JUN. 2018 IKUSMIRA «Santuari eskatzera senar on bana» Amagoia Mujika Kazetaria Euria eginda ere, ez zenuen hutsik egiten San Antonio egunez. Egun euritsu hartan kontatu zenidan «neskazaharrak» santuari eskatzera joaten zirela. «Zer eskatzen diote, aitona?». «Senar on bat». Gauza serioa zela sumatu nuen. «Neskazaharrak» hitzak pisutsua zirudien, punta zorrotzekoa. Polita ez, behinik behin. Eta senar on bat eduki behar horrek ez zirudien tontakeria. Aitonak kandela piztu zion eta nik mesfidantzaz begiratu, mugitu ez arren, boteretsua iruditu zitzaidan figura hari. Gero kontatu zenidan ile beltzeko senarra nahi zuen neska gazteak buru-orratz beltza eskaintzen ziola San Antoniori eta ilehoria nahi zuenak, buru-orratz argiagoa. Bua. Hori zehaztapena. Eta neska gaztea nintzenerako hori guztia erabaki beharko nuela pentsatze hutsarekin larritu egin nintzen. Hamaiketakoan eman zenidan kroketak baretu zidan pixka bat larria. San Antonio egunez beti akordatzen naiz aitonarekin. Ondoan balego, esango nioke oker zegoela. Inoren ondora elkartzen ez direnak ez direla neskazaharrak. Aukeratutako bakardadea askatasuna dela. Esango nioke ilearen koloreak ez duela pertsonaren kolorea zehazten; ile urdinak ezkutatzen dituen bezala, ezkuta ditzakeela pertsonak oker handiagoak. Kontatuko nioke ezkondu ere, asko bankuko zuzendariaren baimenarekin ezkontzen direla orain, ez apaizarenarekin. Hemen balego, animatuko nuke santuen begiradatik apartexeago ibil zedin, askeago eta zoriontsuago, bidea berak erabakita. Pena daukat, bere ondoan kroketa bat gustura jango nukeelako gaurko egunez, berriro ere euripean.