GARA Euskal Herriko egunkaria

«Mutildantzak» biziberritu ditu Aiko taldeak disko berrian

«Mutildantzak» disko berria argitaratu du Aiko taldeak, dantza horiek soinu «berritzaile eta ausartez» eskaintzen dituen lana, euren hitzetan, «betidanik soilik txistuz eta interpretatu den melodia bilduma taldean» grabatu baitute. Larunbatean, Durangon aurkeztuko dute.


Aiko taldeak, dantzatzeko estilo tradizionalaren hedapena sustatzen eta horren balioa nabarmentzen duen musikari eta dantzarien kolektiboak, zigilu diskografiko propioa estreinatu du, Aiko Edizioak, eta «euskal musika ondarearen harribitxietako bat» berrinterpretatzen duen bildumarekin egin du: “Mutildantzak”. Atzo goizean Bilbon egindako aurkezpenean azaldu zutenez, Aikok, bere ohiko filosofiari jarraituz, «bizi berria» ematen die orain arte txistuz eta danbolinez baino interpretatu ez diren dantza horiei. Izan ere, taldean grabatu dute diskoa, eta besteren artean, mandolina, kontrabaxua, danborra edo akordeoia entzun daitezke, txistuarekin eta atabalarekin batera.

Patxi Laborda Aiko-ko dantza maisuak adierazi zuenez, «dantzak ez dira betikoak eta ez dira beti berdin dantzatzen. Norbaitek sortzen ditu eta denborarekin aldatu egiten dira, dantzatzen dituen gizartea aldatzen den legez». Hala, mutil-dantzak denborarekin egokituz joan diren dantzen «adibide paradigmatiko»-tzat hartu zituen eta, azaldu zuenez, «heldutasunerako bidean, Baztango gazte ezkongabeentzat trantsizio errituala izan ziren aspaldi batean. Duela 100 bat urte, Eusko Ikaskuntzaren kongresurako bateratu eta estandarizatu ziren, Baztan eta baztandarren identitate ikur bilakatuz, eta dantzatzeko erronkari erantzuteko gai ziren guztiek dantzatzeari ekin zioten». Gaineratu zuenez, Maurizio Elizalde bezalako txistularien eskutik heldu dira dantzok gaur arte, «gure folklorearen azkenetariko erronka koreografikoa bilakatuz».

«Ziztu bizian doakigun mundu honetan, mutil-dantzak benetako erronka dira gaur egun», ziurtatu zuen Labordak. Dantza «ikusgarriak» ez badira ere eta horiek dantzatzeko «aparteko gaitasun fisikorik» behar ez bada ere, dantzok «kontzentrazioa» eskatzen dutela azpimarratu zuen. «Norbaitek mutil-dantzak ezagutzen baditu ondo daki hau: doinuak buruan izan behar dira eta dagozkion urratsak barneratu, musikari jarraitu, melodia adi-adi aditu beste edozer baztertuz».

Zuzenekoak

“Mutildantzak” diskoa, etzi, ekainaren 16an, Durangon egingo den Dantzazale Egunean entzun ahal izango da zuzenean lehen aldiz. Horrez gainera, Aiko-k bi dantza-tailer antolatu ditu datorren asterako Bilbon eta Errenterian, dantza horiek ikasi gura dituzten pertsona guztientzat irekita. Era berean, udaren ondoren Euskal Herriko hainbat herritan saio gehiago antolatuko direla iragarri zuten.