16 JUN. 2018 HAUR LITERATURA Haurra tximino bilakatuta, tximinoa haur Xabier ETXANIZ ERLE Liburu honetara hurbiltzen denak ez du pista handiegirik aurkituko izenburua irakurrita. Eider Eibarren irudi iradokitzaile eta lortua, tximino bat eta haur baten arteko nahasketa, argigarriagoa izan zitekeen, eta, onartu behar dut, istorioa irakurrita oso lortua iruditu zaidala, baina irudiaren mezua ondo harrapatzeko aurretik orrietan barrena murgildu behar dugu. Gregorio dugu istorio honetako protagonista nagusia, bera da bere bizitzako gorabeheren berri ematen diguna lehen pertsonan, eta bere larritasun edo pozaren bidez gu ere kezkatu edo alaituko gaituena. «Gaur goizean, a zer sustoa! Erdi lotan, mahai gaineko ispiluari begiratu diodanean, zer ikusiko, eta tximino katarrino bat! makako horietako bat!». Honela ekiten dio Gregoriok istorio bitxi eta harrigarri honen kontakizunari; ispilu joko bat planteatzen digu, ispiluaren beste aldean tximino bat dago bera imitatuz, bera bezalakoa omen dena… eta eguneroko bizitzan, eskolan, igeri ari dela, etxean afaltzen, bere egunerokoan, hain zuzen, gero eta handiagoa izango da tximino horren eragina, tximino bilakatze prozesua. Bilakatze horretan, mutilaren eta animaliaren arteko harreman eta jolas horretan halako batean tximino horrek eskutik helduta tokiz aldatuko du Gregorio. Mutila ispiluarenen bestaldeko eremuan geratuko da ezin “gure” errealitatera itzuli; bitartean makakoak, Gregorioren itxura harturik, hau ordezkatuko du. Berehala datorkigu burura Aliziaren abenturak lurralde miresgarrian, baina badu ere Kafkaren “Metamorfosia”-ren antza obra honek; izan ere, Gregorio tximino bilakatu baita eta ispiluaren bestaldeko lurraldean bere etxean, bere bizitza hartzen geratu den tximinoaren familia bilatu beharko du. Ez dira hauek, baina, liburuan literaturaz dauden gogoeta edo aipamen bakarrak; Mari Puri irakasleak, esaterako, ipuinen bidez planteatzen ditu hainbat egoera korapilatsu klasean; eta kapitulu batzuetan ere, “Ipuin amaiezina” edo “Ispiluan barrena”, literatur obren erreferentzia argiak aurki ditzakegu. Abentura, absurdoa, umorea eta jolasa ageri dira istorio honetan. Abentura Gregorio lurralde arriskutsu eta ezezagunetan barrena murgildu beharko delako tximino familiaren bila; absurdoa egoera asko horrelakoak direlako –panterari gosaltzeko opila eta txokolatea prestatzean, esaterako–; umorea, handik eta hemendik irakurlearengan irribarrea ezpainetaratzea lortzen delako sarri («hemen tximinorik badago, ni hipopotamo» esaldia hainbatetan errepikatzean, eta azkenean, oihana azaltzean: «hemen tximinorik ez badago, ni hipopotamo» dionean, adibidez); eta jolasa, obra, berez, jolas bat delako, ispilu-joko bat. Abenturak, baina, ez dira bukatzen Gregorio bere etxera itzuli eta tximinoa ispiluaren bestaldera bueltatzean: «Gainetik elefante bat kendu banu bezala sentitzen naiz, arinduta. Orain, tximino katarrinoak utzitako nahastea konpondu beharko dut». Narratzaileak aurre egin beharko die bera “kanpoan” izan den bitartean bere dobleak egindako kalte, haserre eta arazo guztiei. Eskolan denak ditu haserre, eta ia-ia bota egin dute; etxean ere gurasoak gaixotzekotan daude; igerilekuan bota egin dute… «Barkamena eskatuko diet denei, eta santu baten moduan portatuko naiz hilabete batzuetan, txantxarik ere egin gabe, dena bere onera etorri arte. Kostatuko zait denen barkamena lortzea, baina ziur errazagoa dela oihanean zehar pantera goseti batengandik ihes egitea baino». Eta, alde horretatik, bitxia da nola, burua erabilita, Gregoriok lortzen duen tximinoak sorraraziko ia arazo guztiak konpontzea. Ia guztiak, batzuk ez dituelako lortzen… baina hori jakiteko gonbidapen onena da liburuan barneratzea, oihana, eskola, igerilekua, zulo beltzak eta beste espazio askotara eramango gaituen obran barneratzea.