Andoni ARABAOLAZA
TRAIL

Urre kolorea nagusitu da euskal korrikalarien jardunetan

Hilaren 10ean, Castellon jokatutako Mendi Lasterketen Espainiako Txapelketan, Euskal Mendizale Federazioaren taldeak bost garaipen lortu zituen. Nagusietan: Sandra Sevillano eta Aritz Egea. Juniorretan: Irati Zubizarreta. Eta taldeka: mutiletan zein emakumezkoetan.

Hilaren 10ean, Castellon jokatutako Mendi Lasterketen Espainiako Txapelketan Euskal Mendizale Federazioaren taldeak edo euskal selekzioa deritzonak erabateko nagusitasuna erakutsi zuen. Horrekin esan nahi dugu Fedme-ren hitzordu nagusi horren sari garrantzitsuenak euskal korrikalarientzat izan zirela. Denera, bost urre lortu zituzten. Seniorretan, Sandra Sevillano eta Aritz Egea nagusitu ziren. Juniorretan, Irati Zubizarreta azkarrena izan zen. Eta taldeka, EMFren taldea, nesketan zein mutiletan, erregularrena izan zen.

Castelloko Marato de Borriol lasterketak lehia nagusi hau jaso zuen. Senior mailan, 42 kilometro eta 2.550 metroko goranzko desnibela zuen ibilbideari egin behar izan zioten aurre. Ibilbide gogorra alde guztietatik begiratuta: lehorra, harritsua, desnibel handikoa... Eta, gainera, eguraldi bero eta hezea egokitu zitzaien. Hori guztia kontuan izanda, irteera goizeko zazpietan izan zen.

Lasterkarien mailari dagokionez, aipatu behar da handia izan zela. Espainiako Estatuko 15 erkidegotako taldeek hartu zuten parte. Eta aurtengo denboraldian gertatzen ari den bezala, hutsune handi eta adierazgarriena katalanena izan zen. Gogoratu behar dugu, federazio katalanak uko egin diola Espainiako Kopan zein Txapelketan lehiatzeari.

Bost urre

Lehen bi euskal garaipenak seniorretan iritsi ziren. Emakumezkoetan, Sevillanok lasterketa eraginkor zein biribila egin zuen. Atzetik aurrera jardun zuen, eta azken hamar kilometroetan garaipena lortu zuen. “Ezustekoa” Nahia Quincocesek eman zuen. Mendiko eskiko lehietan espezialista den hau Sevillanoren aurretik joan zen, baina azken kilometroetan hustu eta bosgarren postuan sailkatu zen. Eta zazpigarrenean, berriz, Mayi Mujika.

Mutiletan, bestalde, Egea jaun eta jabe izan zen. Berez, Salomon taldearekin lehiatzen da, baina hitzordu honetarako euskal selekzioaren elastikoa jantzi zuen. Urretxuarra aise gailendu zen. Hirugarren postua Julen Martinez de Estibarizentzat izan zen, eta zortzigarrena Iker Oliverirentzat (beteranoen A mailan bigarrena izan zen).

Kadeteen mailan, Ane Iturriak garaipena oso eskura izan zuen. Lasterketaren buru zen, baina jaitsieretan, oinetan arazo batzuk tarteko, denbora galdu eta hirugarrena izan zen. Gogoratu behar dugu Iturriak Espainiako Koparen hiru probak irabazi dituela. Haren ahizpa Irene Iturria zazpigarren postuan sailkatu zen. Lasterkari hauek 14 kilometro eta 800 metroko goranzko desnibela zuen ibilbidean lehiatu ziren.

Juniorrek, berriz, maratoi erdian jardun zuten: 21 kilometro eta 1.200 metroko goranzko desnibela. Irati Zubizarretak goi mailako garaipena sinatu zuen. Asko sufritu behar izan zuen; izan ere, eroriko gogor baten ondorioz, helmugara oso minduta iritsi zen. Maila berean baina mutiletan, Anartz Artolak hirugarren postuan amaitu zuen. Hernaniarrak ere lasterketa zauri batekin bukatu zuen. Lehen hamar sailkatuen artean Aitor Ajuria sailkatu zen; hain zuzen ere, bederatzigarren postuan.

Emaitza hauek guztiak irakurri ondoren, argi eta garbi geratu da Espainiako Txapelketan EMFren taldea nagusi izan zela. Eta hala izan zen hamabost selekzioen artean. Gainera, taldeka mutiletan zein emakumezkoetan gailendu ziren.