20 JUN. 2018 Sei greba egun deitu dituzte kurtso hasierarako EAEko itunpeko ikastetxeetan EAEko itunpeko ikastetxeetan ikasturte bukaeran izandako greba deialdiak jarraipena izango du datorren ikasturtearen hasieran. Sektoreko patronalak ez diela beste biderik eman salatu zuten ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek datorren urriaren 9 eta 10erako eta azaroaren 27, 28, 29 eta 30erako grebarako deia plazaratu zutenean. «Gure eskakizunetako bati ere ez diete erantzun», nabarmendu zuten atzo Bilbon egindako prentsaurrekoan. BILBO GARA ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek greba egutegi berria iragarri dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gizarte ekimeneko ikastetxeetarako: bi egun urrian eta beste lau azaroan. «Patronalak geldirik daudenez, ez digute beste biderik utzi grebak eta mobilizazioak areagotzea baino», nabarmendu zuten atzo. Kristau Eskola eta IZEI patronalekin hasitako negoziazioak geldirik daudela zehaztu zuten. Immobilismoa erabatekoa dela esan ostean, «egindako aldarriak erantzunik gabe» daudela nabarmendu zuten. Bilbon eginiko agerraldian, datorren ikasturteari begira itunpeko ikastetxeetan egingo dituzten greba eta mobilizazioak iragarri zituzten ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek, sektorean ordezkaritza daukaten guztiek. Urrian, 9 eta 10ean deituko dute greba eta azaroan, 27, 28, 29 eta 30ean. Deialdiak 9.000 irakasleri eta 120.000 ikasleri eragingo die. Mobilizazio hauez gain, «benetako negoziaziorik ez dagoen bitartean», boluntarioak diren zereginetan ez parte hartzeko kanpaina ere bultzatzen ari dira sindikatuak. Lantokietan batzarrak, elkarretaratzeak eta mobilizazioak egiten jarraituko dutela ere jakinarazi zuten. Erabateko immobilismoa ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek salatu zutenez, patronalak ez die mobilizazioak eta grebak areagotzea «beste aukerarik eman». «Ez dute ezta zirkinik ere egin, negoziazio mahairako deialdirik egin gabe daude, eta gure eskakizunetako bati ere ez diote erantzun». Azaldutakoaren arabera, iazko azaroan negoziazio mahaitik altxatu ziren sindikatuak eta orduz geroztik ez da bi aldeen arteko elkarrizketarik izan. Sektoreko langileak ia hamar urte egon direla hitzarmena berritu gabe azpimarratu zuten, eta lan baldintzak hobetzea «premiazkoa» dela adierazi zuten. Ikastetxeetako modernizazio prozesua «langileen bizkarretik» egin dela adierazi zuten, «praktikan lan zama handituz jasanezinak izateraino». Hezkuntza laguntzako espezialistak eta Haur Hezkuntzako lehen zikloko langileak azken urteotan ugalduz joan direla, «kopuruz eta prekaritatez», esan zuten eta horiek direla feminizatuenak eta baldintza txarrenak dituztenak. Hori dela eta, «premiazkoa da baldintza horiek hobetzeari ekitea». Zerbitzuen azpikontratazioa ere zabalduz doala salatu zuten Bilbon eginiko agerraldian. Eroste-ahalmena berreskuratzea –«galera metatuak %10etik gorakoak dira»–, administrazio eta zerbitzuetako pertsonalaren lanaldia murriztea, lanbide heziketan lanaldiaren banaketa irregularra adostea eta bereziki prekarizatuen eta feminizatuen dauden kidegoen lan baldintzak hobetzea eskatzen dute, beste neurri batzuen artean. Irregulartasunen salaketa Ikasturte honetan egin dituzten greba egun zein mobilizazioek langileen aldetik izan duten erantzun zabala ere goraipatu zuten sindikatuek, patronalak erantzunik eman ez badu ere. Horrez gain, ikasturte honetako martxoko eta maiatzeko hiru greba egunetan zenbait ikastetxetan «greba indargabetzeko irregulartasunak» antzeman zituztela salatu zuten sindikatuek, «izan ere, zenbaitetan grebalarien legez kanpoko ordezkapenak egin ziren eta bestetan neurri gabeko deskontuak aplikatu zaizkie grebalariei». Irregulartasun horiek ikastetxeetako zuzendaritzetan salatu dituzte ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek, batzuetan lan ikuskaritzan ere bai. «Grebaren aurkako eraso horiek onartezinak dira eta tinko eskatzen diegu patronalei premiatzeko, oinarrizko eskubide hori urratzeari utziz», nabarmendu zuten Bilbon emandako prentsaurrekoan. MOBILIZAZIOAKSektoreko sindikatuek adierazi zutenez, patronalek «ez digute beste biderik utzi grebak eta mobilizazioak areagotzea baino».