Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JO PUNTUA

Bideo-jokoak

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) aste honetan argitaratu duen sailkapen berriak bideo-jokoekin lotutako titularrak eragin ditu hedabideetan. Berritasuna: lehen aldiz bideo-jokoekiko adikzioa gaixotasun mental gisa sailkatu dela. Orain arte ez ziren bideo-jokoak aipatu ere egiten Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapenean. Baina bideo-jokoen kontsumoaren indarra ikusita eta horien erabilera desegokiaren ondorioak identifikatuta, horrela sailkatu du OMEk.

Bideo-jokoetan jolasteko modua eta bideo-jokoen kontzeptua bera ere aldatzen joan dira azken urteotan. Aldaketa hori smartphone eta tabletei lotua ere badago, poltsikoan bideo-jokoen plataforma bat baitaramagu (horretarako erabili ez arren). Eta smartphonea da, hain zuzen, bideo-jokoak kontsumitzeko gailurik erabiliena. Eta hazkunderik handiena aurreikusten zaiona. Eta horrekin, online jolastea indarra hartzen ari da.

Eta argi izan behar dugu: bideo-jokoak ez dira haurren kontu bat. Adin tarte guztietako kontsumitzaileak daude. Eta gero eta gehiago. Nabarmen. Kontsumitzaileen kopurua handitze horrek ekarri du bideo-jokoen industria aisialdiko eta entretenimenduko sektore nagusi bilakatzea, mundu mailan: zinema industriaren fakturazioa hirukoizten du eta zinema eta musika industriak elkar hartuta ere bideo-jokoen azpitik daude. Espainiar eta frantziar Estatua, zehazki, Europan bideo-joko kontsumitzaile gehien dituzten estatuak dira. Eta munduko hamar garrantzitsuenen artean daude. Euskal Herria aztertuta ere, goi samarrean agertuko litzateke, ziur aski.

Galdera potoloak sortzen ditu bideo-jokoen arloak herri ikuspuntutik. Komunitateak zenbait bideo-joko euskarara itzuli ditu (Game Erauntsia komunitatea). Baina jakina da euskara ez dela merkatua bideo-joko garatzaile nagusientzat (beste sektoreetan bezala). Eta agian kontsumitzaileak ere faltako lirateke (euskarazko kultur kontsumoaren azken azterketaren emaitzak estrapolatuta). Baina erantzun beharko ditugu inoiz: nola indartu gure bideo-joko industria lokala? Eta nola nazioartekotu? Eta nola hurbildu emakumeak garapenera?