24 JUN. 2018 Memoria isila 36ko Gerrari lotutako eleberria argitaratu du Maixa Zugastik, Erein argitaletxearekin. «Ahotsak eta itzalak» lanak garaiko familia baten bizipenak biltzen ditu, kontakizuna plano eta denbora desberdinetan banatuta. Memoria eta bere isiluneak uztartzen dira. A.K. Donostia Dio Inazio Mujika editoreak “Ahotsak eta itzalak” lanean kontatzen dena baino garrantzitsuagoa dela isiltzen dena. «Liburu honetan literaturak daukan gai nagusietako bat ageri da. Besteak beste, memoriaren zuloak betetzearena. Memoriaren hutsuneak». Maixa Zugastik (Tolosa, 1943) 36ko Gerran aurkitu du bere bigarren eleberrirako akuilua –“L.A.A.” izan zen bere lehenengo lana, Irun Hiria saria irabazi ondoren argitaratua–. Gerra Zibilak eztanda egin aurretik, bi mutikok ihes egingo dute erbestera aitarekin batera. Herrian utziko dituzte ama eta arreba txikia. Egoitza bat izango dute babesleku. Zerbait gertatuko da, ordea, herrian, eta ihes egina zen seme txikiena (Luis), heldu izaten denean, egoitza hartan, herrian eta amarekin eta arrebarekin zer gertatu zen jakin nahiko du. «Errealitatea modu batean ikusten dute batzuetan haurrek, zauriak, amorrua dauzkate txikiak direnean. Helduak direnean, batez ere Luisek, jakin nahiko du errealitateak ezkutatzen duen beste alde hori zein den, batzuetan isiltzen dugun hori besteak babesteko», adierazi du idazleak berak. Hiru plano desberdin bereizten dira eleberrian. Gerra garaiko kontakizuna, 70eko hamarkadan egiten den bigarrena, eta gaur eguneko beste bat. Egoera katramilatsua aurkezten du idazleak. «Luisek aurkitzen duenean iraganean zer gertatu zen, eleberri bat idatzi nahiko du eta iritsiko da puntu bat arte, isiltasun horietako batengatik. Gero bere emazteak jakingo du egia osoa eta gorde egingo du. Hiltzen denean argitaratuko du liburu moduan». Izenburuak berak egiten dio erreferentzia irakurleak liburuan aurkituko duenari. «Bide hori atzerantz egin behar dute protagonistek, iraganera, oroitzapenetara, eta hor aurkituko dituzte ahotsak, murmurioak, jendeak ezkutatzen duena, isiltasunak eta itzalak, falta den jende hori, eta baita argiak ere, norbaitek lagunduko dielako bidean». Eleberri historiko batetik aldendu da Maixa Zugasti “Ahotsak eta itzalak” lanean, eta jende xumeari eman nahi izan dio ahotsa. «Jende boteretsuak, erabakigarriak, erantzukizun handia du historian, baina historia jende xume eta arruntak ere idazten eta sufritzen du, gerran garaian bereziki». Dokumentazio lan mardula egin zuen idazleak eleberriaren idazketa prozesuan eta erreferentzia nagusi bat izan du bide horretan, Joxe Migel Barandiaranek batutako 136 testigantzena. «Oso gordinak, oso zuzenak dira. Egunotan berriro hartu ditut eta hor aurkitzen dituzu Aitzoli buruzko txostenak, Telesforo Monzonen beste bat, Gernikako bonbardaketa... Eta dago beste bat oso berezia dena, 9 urteko umetxo batena, non kontatzen duen zer gertatu zitzaion bere herrian».