GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Autobusen greba dela eta…


Tolosaldea Bus enpresako langileek bost hilabete greban daramatzaten buelta honetan, nire iritzia eta herritarrengandik jasotzen ari naizen ezinegona publikoki salatzeko beharra sentitu dut.

Azken hilabeteetan, Berastegiko udal-ordezkari gisa, Gipuzkoako Foru Aldundiak herri txikietako arduradun politikoentzat antolatutako hainbat ekimenetan egoteko aukera izan dut: Lurralde Oreka eta Berdintasun Sailak antolatutako “Landa eremuko etorkizuna, berdintasun eta oreka ikuspegiaz” izeneko jardunaldian eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza Departamentuak deitutako “Lurraldeko herri txiki eta landa ingurukoak aurrekontu irekietan barneratzeko topaketak” izenekoan, esate baterako; herri txikietan bizi garen herritarrok ditugun beharrak azaltzeko aukera izan dugu bietan.

Bertan aipatu nuen, beste herri batzuetako ordezkariekin batera, gure herrian zer eragin tamalgarria duen autobus zerbitzuetako langileek egin behar izan duten grebak.

Eskolaz kanpoko ekintzak egitera Berastegitik kanpora joaten diren gazte eta helduak, lantokietara iristeko beste garraiobiderik ez duten herritarrak, hainbat erosketa egin ahal izateko autobus zerbitzuaren beharra dutenak, mediku espezialistekin hitzorduetara joan ahal izateko autobus zerbitzuaren erabiltzaile direnak, larunbat gauetako zerbitzuaren erabiltzaileak eta abar eta abar dira ondorioak pairatzen ari garenak/direnak. Egoera honi gehitu behar dizkiot errepidean hartzen ari garen arriskuak, gure egunerokotasunarekin jarraitu ahal izateko, eta ingurumenari areagotzen diogun kaltea.

Erabiltzaileen inguruko datuak ere baditugu eta horiek kopurua goraka doala adierazten digute; Berastegiren kasuan, 2015etik 2016ra %13ko igoera izan genuen; 2016tik 2017ra, berriz, %6koa.

Momentu eta epealdi jakin baterako, moldatzeko gaitasuna badugu, zorionez; auzokoak, beren ibilgailuan mugitzen diren herritarrak eta horien bidaia aprobetxatzen dutenak besteei laguntzeko, familiakoak, taxiak... beharrak asetzeko moduak aurki ditzakegu; baina egoera konpontzeko aurrerapausorik ez emateak sortzen duen sentimendu tamalgarria dugu momentu honetan gure barruan.

Nire eskaera eta gonbita da aurrerapauso bat eman dezazuela egoera bere onera itzul dadin, Gipuzkoako Foru Aldundian ardurak dituzuen diputatu, zuzendari eta sailetako arduradunek, Mugikortasun Departamentuaz gain, herri txikien biziraupena eta ongizatea bermatzen lan egiten duzuenok eta aldi berean, TolosaldeaBus osatzen duzuen enpresaburuok.

Herri txikietatik jasotzen dituzuen beharrei arreta jarri eta funtzionaltasuna eman iezaiezue, zerbitzu publikoa duina izan dadin bere osotasunean, langileentzat nahiz herritarrentzat.

Zerbitzuak bideragarritasun ekonomikoa betetzen duela baloratzea ez dadila izan lehentasuna, zerbitzu honetan inbertsioak egiteak ez du Gipuzkoako ekonomia kolokan jarriko eta. Gure ahotik jasotako beharrak benetakoak dira.

Epe motzean, udako giro epelak lagun dezala katramila hau zuzentzen; eta, irailean hasiko dugun ikasturte berria hasterako, izan ditzagula berri onak.

Grebaren ondorioak sufritzen ari diren langile eta hauen familiei ere, besarkada eta animoak. Zuen alboan izango gaituzue behar duzuenerako.